Emakumeen Jabekuntzarako Coaching Tailerra eskainiko dute aurten ere Elgoibarren

Barren.eus 2018ko ira. 13a, 12:21

Norbere buruaren ezagutza sustatzea eta emozioak kudeatzeko eta erabakiak hartzeko baliabide pertsonalak erabiliz ahalduntzea da helburua Jabekuntzarako Coaching Tailerretan. Eider Perez elgoibartarrak zuzenduko du.

Elgoibarko Udaleko Berdintasun Sailak Emakumeen Jabekuntzarako Coaching Tailerra antolatu du bigarren urtez jarraian, iaz antolatu baitzuten estreinakoz. Tailerra doakoa izango da, eta Elgoibarko Kultur Etxeko Sotoan egingo da. Bi talde izango dira, bata gazteleraz (martitzenetan), eta bestea, euskaraz (eguaztenetan). Guztira, 10 saioko (20 ordu) iraupena izango du tailer bakoitzak. Saioak, bestalde, honako egun hauetan izango dira: urriaren 2, 9, 16, 23 eta 30ean, azaroaren 6, 13, 20 eta 27an eta abenduaren 4an (gazteleraz) eta urriaren 3, 10, 17, 24 eta 31n, azaroaren 7, 14, 21, eta 28an eta abenduaren 5ean (euskaraz), 18:30etik 20:30era.

Tailerra Eider Perez coachak zuzenduko du (ikus BARREN aldizkariari iaz eskaini zion elkarrizketa-PDF-), eta besteak beste, norbere buruaren ezagutza sustatzea eta emozioak kudeatzeko eta erabakiak hartzeko baliabide pertsonalak erabiliz ahalduntzea da helburua.

Antolatzaileen esanetan jabetze ikastaroa praktikoa izango da, eta helburua emakume bakoitza bere prozesuaren protagonista izatea da. Hori lortzeko, coachen munduko "oso material interesgarriarekin" osatutako saio dinamikoak eskainiko dituzte

Izen ematea egiteko HAZera (Herritarren Arreta Zerbitzua) gerturatu beharko da, gaurtik irailaren 24ra bitartean. Plazak mugatuak izango dira, eta aurretik Jabetze Eskolako beste antzerako ikastarorik egin ez dutenek izango dute lehentasuna.

2018 09 12 javekuntza tailerra elgoibar egitaraua