Emeek Emana erakusketak Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntza izan du eta Elgoibar 1936 taldearen eta Elgoibarko Udalaren eskutik, Elgoibarren ikusteko aukera izango da zapatutik hilaren 29ra, Kultur Etxeko erakusketa gelan (Astelehenetik zapatura, 18:30etik 20:30era).
36ko gerra eta frankismoa kontatzeko emakumeengan jarri dute argia, gerra lubakietako borrokatik harago doala nabarmenduz. Izan ere, erakusketaren sustatzaileek argi dute memoria ariketa egin denean gerraren kontakizun partziala egin dela sarri, emakumeek bizi eta sufritutakoa ahanzturan gelditu izan delako. Gerra eremuaren, erbestearen, torturaren, kartzelaren, errepresioaren eta bizirik irauteko estrategien inguruko narrazio eta bildumak jaso dituzte. Bizirik irauteko estrategiak, hain justu ere, bizirik iraun nahia delako erakusketarako euren aurpegia jarri duten emakume guzti hauek batzen dituena. Era berean, emakumeen ikuspuntutik antolatutako egitura sozialerako planteamendu eta aktibismoaren erakusgarri ere bada argazki-erakusketa hau.
Herri ezberdinetako emakumeak daude erretratatutakoen artean, eta tartean badira gure inguruko hainbat ere, Eibar eta Elgetakoak esate baterako. Argazkiak Mauro Saravia argazkilari txiletarrak egin ditu, Intxorta 1937 Kultur Elkartearen eskariz. Oroimen historikoaren eta giza eskubideen inguruko lanetan dihardu gaur egun Saraviak, eta bi erakusketa ibiltari ere baditu Emeek Emana honez gain: Azken batailoia, bizirik egondako eta Eusko Gudarostean parte hartutako gudari eta milizianoei eskainitako argazki-bilduma, eta, Gure izaeraren ispilua, Jose Antonio Agirre lehendariari eskainitakoa.