3.000 dardo jokalarik baino gehiagok hartu zuten parte Oliva herrian jokatu zen Espainiako V. Dardo Txapelketan. Lau modalitatetan aritu ziren lehian: bakarka, bikoteka, taldeka eta selekzioak elkarren aurka.
Taldekako txapelketan bost maila desberdinetan banatuta zeuden taldeak. Elgoibarko bi taldek hartu zuten parte, Derry Taberna eta Gabaz dardo taldeek. Derryk D mailan hartu zuen parte eta final-zortzirenetako kanporaketaraino ailegatu ziren. Taldeko kide gazteenak, Jurgi Casadok, hirugarren postua eskuratu zuen 16 urtez azpikoen kategorian. Taldekideek Derry tabernako Patrick-i eskerrak eman dizkiote emandako babesagatik eta txapelketarako egin zizkien kamisetengatik. Jurgi Casado, Gorka Panizo, Gorka Redondo eta Igor Otamendi lehiatu ziren Espainiako Txapelketan, baina Roberto Sanchez ere bada taldeko kidea.
• Burunza eta Amesti Gipuzkoako selekzioarekin
Gabaz taldeko laukotea maila bat gorago lehiatu zen, C Mailan. Lehen fasean sailkapena lortu ostean, final-zortzirenetako kanporaketak jokatzeko sailkatu ziren, baina ez zuten kanporaketa gainditu. Jonathan Blazquez, Egoitz Rodriguez, Iñaki Amesti eta Iñaki Burunzak osatu zuten Gabaz taldea. Azken biek, gainera, Gipuzkoako selekzioa ere ordezkatu zuten selekzioen arteko lehian. Madrilgo taldea gailendu zen eta Bizkaiko selekzioak egin zuen bigarren.
Txapelketako hainbat partida Youtuben eman zituzten zuzenean antolatzaileek (ikus hemen). Elgoibartik joandako dardo jokalariek diotenez, esperientzia paregabea izan da horrelako txapelketa batean parte hartzeko aukera izatea. "Ez dira egunero ikusten ia 200 dardo makina elkarren ondoan". Txapelketan bizi zen giroa, jokalari batzuen janzkerak eta kalitatea ere nabarmendu dituzte. "Master mailako dardolari batzuek profesionalak dira, eta horiek zuzenean ikustea apartekoa izan da". Maila bakoitzeko irabazleek hurrengo urtean Hego Korean jokatuko den Munduko Dardo Txapelketarako txartela eskuratu zuten.
Ameriketako Estatu Batuetan diana elektronikoak agertu zirenetik, 1980ko hamarkadan, asko hedatu da kirol hau munduan barrena. Gaur egun, online jokatzeko aukerari esker, bakoitza bere herritik mugitu gabe ere jokatzen dituzte txapelketak. Online jokatuko den lehendabiziko Espainiako Dardo Txapelketa ere antolatu dute, eta 1.200 talde baino gehiagok eman dute izena.