Uharte Arakil-Beriain Km Bertikala mendi lasterketaren 10. ekitaldia jokatu dute gaur 252 korrikalarik, Sakanako haranean. Uharteko proba aldi berean Nafarroako Kilometro Bertikalen Txapelketa –indibiduala eta taldeka– eta Euskal Herriko Bertikalen Txapelketarako baliagarria izan da. Antxitxikariak Uharte Arakilgo frontoitik (471 m) irten dira eta Beriaingo San Donato ermitaraino (1494 m) igo dira. Bost kilometroko proba motza baina intentsitate handikoa da eta 1.023 metroko desnibela gainditu dute parte hartzaileek.
Iban Murua Rodrigok 40 minutu eta 37 segundoan osatu du proba. Minutu bat eta 26 segundoko aldea atera dio bigarren egin duen Joseba Diaz azkoitiarrari eta bi minututik gorakoa hirugarren egin duen Iñigo Alzola arrasatearrari. Muruak bigarren egin zuen duela bi urteko edizioan, 2016an. (sailkapenak: kirolprobak.com)
2014tik 2017ra jokatutako lau igoerak jarraian irabazi zituen Aitor Osa itziartarrak dauka probako errekorra: 39:54 (2015ean ezarri zuen).
•Ainhoa Lendinez seigarren postuan
Emakumezkoetan, Oihana Azkorbeitia abadiñarra izan da azkarrena, 48 minutu eta 54 segunduko denbora eginda. Ainhoa Lendinez seigarren postuan sailkatu da, igoera 56 minutu eta 59 segundoan osatuta. Euskal Herriko Bertikalen Txapelketan, baina, hirugarren postua lortu du. Iaz bigarren egin zuen Lendinezek Beriainen. Erregulartasuna erakusten ari da Lendinez aurreko asteburuan hirugarren eta laugarren postuak eskuratu baitzituen, hurrenez hurren, Intza Ttutturre Aralarko kilometro bertikalean eat Araia-Aratzekoan.
Iñigo Ortuoste elgoibartarrak ere hartu du parte eta 34. postuan sailkatu da -4. postua beteranoetan- 49 minutu eta 17 segundoko denborarekin.