Urtero legez, iraileko azken aurreko domekan, Zirardamendi-Aiastia (San Migel) fronte-lerroan hildako gudariak omendu zituzten atzo (irailak 23). Hildako gudarien zenbait senide, eta horiekin batera instituzio, elkarte, kultur erakunde zein alderdi politikoetako hainbat ordezkari batu ziren Aiastian. Murkaikupe ftontoiaren atzean landatuta dagoen Gernikako arbolaren kimuaren aurrean lora eskaintza eginez hasi zuten ekitaldia. Elgoibarko alkate Ane Beitiak jarri zituen lorak. Handik Zirardamendirantz abiatu ziren. Lau gudari deshobiratu zituzten lekuan egin zuten lehen geldialdia eta gurutzea dagoen lekuan bigarrengoa. Lore eskaintzak egiteaz gainera, Eusko Gudariak kanta abestu zuten omenaldira batutako lagunek.
1936ko irailaren 25an Arana Goiri batailoiko hamalau euskal gudari hil zituzten Zirardamendiko frontean, Mola jeneralaren tropen kontrako liskarretan: José Txintxurreta, Paulino Beraza, Juan Zabala, Blas Larrazeleta, Ambrosio Etxebarria, Felipe Elorriaga, Sabin Atutxa, Emeterio Llavori, Eusebio Gaubeka, Juan Agirre, Imanol Etxebarria, Marcelino Gandarias, Miguel Palacio eta Félix Arbulu.
• Mendi irteera Kalamuara
Gipuzkoako sindikatu anarkosindikalistako (CNT) Memoria Historikoaren taldeak antolatuta, mendi irteera egin zuten atzo Kalamua inguruetara. 36ko gerran San Miguel fronte-lerroan borrokan aritu ziren milizianoak omentzeko antolatu zuten irteera. Idotorbetik abiatu ziren eta Kalamua aldera jo zuten, gerran lubakiak egon ziren lekuei bisita egitera.
Eitb-k Zirardamendin hildako gurariak omentzeko ekitaldiaz eginiko bideoa: