Brotxetak egiten ikasteko tailerra egingo dute hil bukaerako ferian

Barren.eus 2018ko ira. 27a, 09:31

Hileko azken zapatuko nekazaritza eta abeltzaintza feria egingo dute irailaren 29an. C.D. Elgoibarrek kudeatuko du hil honetako txosna eta haur eta gaztetxoek brotxetak egiten ikasteko aukera izango dute. Herriko baserrietako baratzetako garaiko barazki eta Elgoibarko harategietako kalitatezko produktuekin osatuko dituzte brotxetak.

Hileko azken zapatuero legez, Elgoibarko baserrietako produktuak erosteko aukera egongo da goizez, 9:00etatik aurrera, eta eguerditik aurrera ganadu erakusketa egingo dute Aita Agirre plazan. Debemen elkarteak bertako baserritarrek ekoizturiko produktuen kontsumoa bultzatzeko “Baserrikoa” ekimenaren barruan egiten da azoka. Hala, txosnan salduko dituzten pintxoak ere herriko baserrietan ekoiztu eta harategietako produktuekin eginikoak izango dira. Iraileko feriako txosna C.D. Elgoibar futbol klubak kudeatuko du, 11:00etatik aurrera, kalebarren plazan. 

•Brotxeta tailerra
Brotxeta tailerra 12:00etatik 14:00etara izango da. Elgoibarko baserrietan batutako sasoiko barazkiekin eta herriko harategietako produktuekin egingo dituzte brotxetak. Egin eta jan.
Kale Kantariak taldeko kideek feria eguna girotuko dute, 12:00etatik aurrera.