Xake partida azkarren Gipuzkoako Txapelketa jokatu zuten zapatuan Villabonako Aljiben. Probintziako hamabost xake taldetako 63 xakelari lehiatu ziren, tartean Elgoibarko Zubi Ondo taldeko hiru kide: Juan Manuel Navarro, Mikel Leon eta Markel Kerexeta. Txapelketa suitzar erara egin zuten eta jokalari bakoitzak partidako bost minutu zituen bandera jaitsi arte.
Bere herrian profeta izan zen Jose Luis Guijarro billabonarrak irabazi zuen Txapelketa. Guijarrok 10,5 puntu lortu zituen jokatutako partidetan. Xakelari elgoibartarrei dagokionez, Juan Manuel Navarro 25. postuan sailkatu zen 7 punturekin; Markel Kerexeta 28. postuan 6,5 punturekin, eta Mikel Leon 48. postuan 5 punturekin. Markel Kerexeta (2.000, Elgoibar) izan zen onena 18 urtez azpikoen kategorian.
• Danobat Iriondo xake txapelketan 30 parte hartzaile
Gaur hasiko da Danobat Iriondo xake txapelketaren zazpigarren edizioa Iriondo tabernan. Era honetan, bi xake txapelketa egongo dira martxan aldi berean Elgoibarren, joan den eguenean hasi baitzen 2.200 elo azpiko Danobat Irekia Kultur Etxeko sotoan. Danobat Iriondo xake txapelketan 30 xakelarik eman dute izena eta otsailera arte arituko dira lehian. Lau multzotan banatuta jokatuko dute lehen fasean. Multzo bakoitzeko bi onenak Liga txapelketa jokatzeko sailkatuko dira eta 3. eta 6. postuen artean sailkatzen direnek Kopa txapelketa jokatuko dute. Jokalari bakoitzak partida bat jokatu beharko du astean. Eguna eta ordua aurkariarekin adosteko aukera izango du. Jabi Muñoz mendaroarra da egungo txapelduna.
∞ Lotura duten albisteak:
-
Asmaolatik sotora ekarriko dute lehia xakelariek (2018-09-27)
- Jaime Santos xakelari leondarra gailendu da estreinako Nazioarteko Danobat Irekian (2018-09-23)
- 66 xakelarik hartuko dute parte estreinako Nazioarteko Danobat Irekian (2018-09-20)
- Xakelari profesionalak eta afizionatuak batuko ditu Elgoibarren Nazioarteko Danobat irekiak (2018-09-04)
- Jabi Muñoz mendaroarrak irabazi du Mekatar Iriondo Xake Txapelketa (2018-02-26)