Haize-errota bat dago Nautilus artista egoitzaren ondoan, Lanzaroten (Kanaria uharteak, Espainia) eta errotekin zerikusia zuen eskultura bat kokatzeko leku interesgarria iruditu zitzaion Aitor Etxeberria artista mendaroarrari. Hasia zuen eskultura bati forma emanez topatu zuen irudikatu nahi zuen eskultura, Lanzaroteko errotak eta bere eskulturak bazutela nolabaiteko harremana konturatu baitzen. "Errotarria abiapuntutzat hartu eta errotarriaren ideia horrekin jolas egitearen ondorioz sortu dut obra hau. Eta eskulturak dauzkan forma okerrekin bizitasuna eman diot", azaldu du Etxeberriak, bere eskulturaren aurrean, Leda Giordanori eskainitako bideo-elkarrizketan (beherago duzue).
Deconstrucción piedra de molino izena dauka eskulturak, eta bata bestearen kontra "orekan" dauden bi piezek osatzen dute. Etxeberriak orain arte egin duen eskultura handiena da. Zementua eta corten altzairua erabiliz egin dituzte piezak eta duten tamaina eta pisu handiagatik bere lekuan kokatzeko arazoak izan dituzte. "Ez da lan erraza izan bere lekuan jartzea. Gauza bat da buruan daukazun ideia, baina ideiak gauzatzerakoan beti sortzen dira ezustekoak", azaldu du Etxeberriak. Astebeteko lana izan da eskultura bere lekuan ipintzea.