Euskara ala ezkara zikloak hamar urte beteko ditu aurten, eta urteurrena berezia egin nahi izan dute antolatzaileek, Elgoibarko Izarra Euskaltzaleon Topaguneak eta Elgoibarko Udalak, DanobatGroup eta IMHren babesarekin. Zapatuan, urriaren 6an, izango da zikloa, eta itzal handiko 20 kulturgile batuko dituzte Elgoibarren, kulturaz solasteko. IMH ikastetxean ekingo diote zikloari, 9:30ean, eta Kultur Etxeko sotoan emango diote amaiera 19:30ak aldera. (hona egitaraua)
Antolatzaileek aurreratu dute ehundik gora lagunek eman dutela izena eta pozik agertu dira erantzunarekin. Egunaren hasieran kulturgintzaren egoera orokorra aztertuko dute, Gotzon Barandiaran idazle eta kulturgilearekin, Lorea Agirre filologo eta Jakin aldizkariko zuzendariarekin eta Harkaitz Cano idazlearekin, eta hamaiketakoaren ostean gaika arituko dira: musikaz hitz egingo dute Odei Barroso bertsolariak eta Ines Osinaga musikariak; antzerkiaz Oier Guillan idazleak eta Ander Lipus antzerkilariak, eta Gorka Arrese editoreak Zertarako makinak eta erremintak izenburuko hitzaldia eskainiko du. Arratsalderako, berriz, gazteak, kultura eta euskalgintza izenburuko mahai ingurua iragarri dute. Peru Iparragirre, Paul Beitia eta Edurne Azkarate izango dira hizlariak eta Itziar Ugartek gidatuko du solasaldia.
• Ekitaldi bereziak
Ekitaldi berezirik ere ez da faltako, baina. Egun osoan muralgintzan arituko dira Txakur Gorria kolektiboko Malen Amenabar eta Mariñe Arbeo, eta talde bereko Ane Labakak eta Nerea Ibartzabalek egunaren laburpena egingo dute bertsotan. Bi kontzertu ere izango dira, gainera: Mursegok joko du eguerdian, eta Amorantek arratsaldean, Kultur Etxeko sotoan.