Jon Gurrutxaga: “Ikaragarri ari naiz gozatzen musikaren inguruan egin ditudan harremanekin”

Barren.eus 2018ko urr. 18a, 21:12

Ibilbide luzea egin du musikan Jon Gurrutxagak (Elgoibar, 1978). Arima Beltzak-en sasoitik gaur arte proiektu askotan ibili da, eta ‘Kateak’ lana argitaratu du berriki, Gaztelupeko Hotsak zigiluak abian jarritako Lokatzetan Play singleen bildumaren barruan. Elgoibarren, azaroaren 16an eskainiko du kontzertua, Sotoan.

Bi formatotan eman du diskoa: binilozko singlean eta CDan. ‘Kateak’ eta ‘Desitxuratuz’ kantuak batu ditu biniloan, eta horiez gain beste bi hauek eman ditu CDan: ‘Unearen oraina’ eta ‘Wrinkled shirts and jackets’. Diskoaren aurkezpen-lanak eginda, Jon Gurrutxagak barixakuan (urriak (19) emango du estreinako zuzenekoa, Ondarruko Moby Dicken, 20:30ean.

-Zerekin zatoz lan berri honetan?
Musikalki oso ezberdinak diren lau kanturekin nator. Ez nituen rock disko edo disko elektriko baterako ikusten, baina aldi berean, ez nituen nahi ordenagailuko karpeta batean ahaztuta laga, interesgarriak iruditzen zitzaizkidalako. Eta formato txikian nator, hein handi batean lanak berak baldintzatuta. Egia da, baina, Gaztelupeko Hotsak-en Lokatzetan Play singleen bilduma ere xarma handikoa iruditzen zitzaidala eta bilduma horren barruan argitaratzeak ere betetzen ninduela. Aurkezpen aldetik, biniloan ematea beste gauza bat da, politagoa askoz, eta diskoa jartzearen errituala bera ere berezia da. Pozik nago lehenengo biniloarekin.

-Lau kantu dira. Nolakoak?
Orain artean egin ditudanen aldean ezberdinak dira hauek, baina badute euren artean halako lotura bat. Egia da lau kantuak ezagutu egin behar direla eta hitzetan barneratu behar dela lotura hori ikusteko, baina badute, eta katea hitzak ere jasotzen du lotura hori.

-Kantuak sortzeko prozesua nolakoa izan da?
Nik beti esan izan dut abeslari izan naizela beti, beste ezeren gainetik. Umeumetatik kantatzea gustatu izan zait gehien. Bateria jotzen hasi nintzen gero, baina gertatzen zitzaidana zen bateriarekin ez nuela armoniarik, eta abestu nahi banuen, instrumentu armoniko bat behar nuela. Hala hasi nintzen gitarra ikasten, melodiak abesteko oinarri bat izate aldera. Lehen, kantuak egiteko orduan, melodiak sortzen nituen ahotsarekin lehendabizi, eta gero, lagun gitarra-joleren bat inguratzen nuen horri forma emateko. Orain, neuk kontrolatzen dut prozesua hasieratik. Akorde batzuk jotzen ditut gitarrarekin eta horren gainean sortzen dut melodia. Eta behin oinarria jarrita, janztea eta edertzea izaten da ondorengo lana, eta egiteko horretan sartzen dira lagunak. Zorionekoa naiz, oso lagun musikari onak ditudalako gainera. Hitzak, berriz, amaierarako lagatzen ditut. Zaintzen ditut hitzak ere, jakina, baina melodiarekin asmatu behar izaten dut aurrena.

-Kantuak “edertzeko” zeintzuk lagun inguratu dituzu oraingoan?
Hitzak, biniloko bi kantuenak, Xabi Lasak idatzi dizkit, eta musikarien artean lagun kuadrilla ona izan dut: Patxi Zabaletak lagundu dit gitarra elektrikoarekin Kateak-en, eta Patxiz gain, Iñigo Gorritxategi (baxua), Urbil Artola (dobroa), Markos Coll (aho soinua) eta Peio Gorrotxategi (teklatua) izan ditut ondoan.

-Zuzenekoetarako formatoa zein izango duzu?
Bikoa izango gara zuzenekoetan. Urbil Artolarekin emango ditut kontzertuak. Egia esan une honetan ikaragarri ari naiz gozatzen, musikaren inguruan egin ditudan harremanekin eta zuzenekoetarako prestakuntzekin. Kantuek forma akustikoak dituzte, eta zuzenean, nahikoa ondo defendatu ditzakegu formato txikian. Gaur dugu lehenengo kontzertua, Ondarrun, eta azaroaren 8an Bilbon joko dugu, Bira aretoan. Elgoibarren, azaroaren 16rako lotu dugu kontzertua, Sotoan.