Baso ilun eta beldurgarri batean ekaitz baten ondoren berriz sortzen da bizitza, eta besteak beste, Amalur, Tartalo, Basajaun, Aker eta sorginak agertuko dira. “Baina antzerkiko beste une batzuetan, pertsona gisa ere ikusiko ditugu. Esaterako, Tartalo begi bakar izatetik itsu gelditzera pasatuko da, eta lehen, iseka aritzen zitzaizkionek tratu hobea eskainiko diote. Modu horretan errealitatea irudikatu nahi izan dugu”, azaldu du Edurne Lasa obraren zuzendariak. Ikus hemen sinopsia eta antzezle-zerrenda.
• Hamalau aktore eta figurante dezente
Guztira, 32 pertsonak hartuko dute parte antzezlanean. “Jende dexente behar genuen momentu zehatz batzuetan eta figurazioan umeek eta gurasoek hartuko dute parte, baita Haritz Dantza taldekoek ere. Txirula eta eskusoinu-doinuak batuko ditugu zuzenean. Taldetik, berriz, 14 aktore ariko gara”. Bolatokira joaten direnek, beraz, askotariko egoerak ikusiko dituzte.
22:00etan hasiko da Elgoibarko Udalak antolatu duen emanaldia.
• 40 urte antzerkiaren bihotzean
Taupada antzerki taldea 1977ko udazkenean sortu zuten, kultura eta euskara sustatzeko helburuarekin. Antzerkia euskaraz egiteko konpromisoa hartu zuten, eta 40 urteren ostean, konpromiso horri eusten dio taldeak. 40 urteotako ibilbidean 33 antzezlan sortu eta antzeztu dituzte.
Antzerkia bihotzean daramaten Edurne Lasarekin eta Jose Mari Larrañagarekin egin zuen BARRENek Taupadaren ibilbidearen errepasoa. Ikus hemen erreportajea: 40 urtez oholtzan, euskaraz (BARREN 1057. zenb. -PDF-)
40 urteotako ibilbidea laburbiltzen duten argazkiekin bideo bat ere osatu zuen Taupadak: