Mila lagun inguru batuko dira kinto-ospakizunen egunean

Barren.eus 2018ko urr. 25a, 11:01

Kinto-ospakizunen estreinako jaialdia egingo dute zapatuan Elgoibarren, eta eguraldi iragarpenaren arabera eguraldiak gehiegi lagunduko ez badu ere, festa giroa ziurtatuta dago. Maalan egongo den Kalefood merkatuak ere girotuko du asteburua.

Antolatzaileek esandakoaren arabera, 23 taldek hartuko dute parte kinto-ospakizunen egunean, eta guztira mila lagun inguru batuko dira. 13:00etan jarri dute hitzordua Kalegoen plazan, eta argazki erraldoia aterako dute bertan. Ondoren, kinto bakoitzeko taldea bere kontura ibiliko da. Adin bereko taldeak elkartuko dira bazkaritarako, bakoitza bere aldetik, baina denak elkartzeko gunea ere prestatuko dute Maalako parkean. 

 • Foodtruck furgonetak, kontzertuak eta umeentzako tailerrak
Barixakutik hasita, Kalefood merkatua jarriko dute Maalan, eta horren barruan foodtruck furgonetak, artisauen postuak, zuzeneko musika eta umeentzako tailerrak egingo dituzte, besteak beste. Barixakuan hasiko da festa 18:00etan, eta domera bitartean jatekoa banatuko duten lau furgoneta eta musika egongo dira Maalan.
Horrez gain, zuzeneko kontzertuak ere antolatu dituzte. Barixakuan, 21:00etatik aurrera, Insania Crew taldeak kontzertua eskainiko du, zapatuan, 23:00etan, Puro Relajo taldeak joko du Udalak antolatuta, eta segidan DJ saioa egongo da. Domekan Indian Feathers taldearen txanda izango da, 18:00etatik aurrera. Horrez gain, Artalde taldekoek artisau taldeko kideek euren eskulanak jarriko dituzte ikusgai asteburuan zehar, 11:00etatik 19:30era, eta umeentzako tailerrak ere egingo dituzte eguerdi aldean.

∞Lotura duten albisteak:

2018 10 25 kalefood market elgoibar kartela