Cometel enpresako ugazaba Miguel Angel Montesek jasoko du Korta Sarietako bat

Barren.eus 2018ko aza. 5a, 11:32

Elgoibarko Cometel enpresako zuzendari nagusia den Migel Angel Montes da 2018ko Korta Saria jasoko duten lau lagunetako bat.

Iñigo Urkullu lehendakariak banatuko ditu 2018ko Korta Sariak azaroaren 13an. Donostian, Gipuzkoako Zientzia eta Teknologia Parkeko eraikin nagusian, egingo dute sari banaketa ekitaldia. Eusko Jaurlaritzak aurtengo sarituen berri eman du. Miguel Angel Montesekin batera beste hiru laguni egingo diete errekonozimendua, haien enpresa-lanagatik: Alicia Garmendia Iruña Taldeko bazkidea eta presidentea; Luis Cañada Novia Salcedo fundazioko presidentea eta Javier Maria Onaindia Onaindia Taldeko sortzailea.

Joxe Mari Korta sariak 2009an hasi ziren banatzen, enpresaburu gipuzkoarra eta orduko Adegiko presidentea erail ondoren, jendaurrean lanbide-bizitza zabala dutenei enpresa-hobekuntzaren alde egiten duten lanagatiko esker ona agertzeko.
Epaimahaiko buru Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburua da, eta Confebask, Adegi, Cebek eta Sea enpresa-elkarteetako eta Joxe Mari Kortaren Bidetik fundazioko ordezkariek ere eratzen dute.
Epaian, epaimahaiak nabarmendu du saritutako lau pertsonek etengabeko inplikazio txalogarria dutela enpresa-sektorean, bertan garatu baitute beren jarduera. Halaber, jarduera eta lanpostu berriak sortzeko dituzten ekimenen garrantzia ere nabarmendu du.

 • Miguel Angel Montes: Elgoibartik bost kontinenteetara

Lanbide Heziketako ikasketak amaitu eta Elgoibarren makina-erremintaren sektoreko zenbait eremutan lan egin ondoren, Miguel Ángel Montesek, bere aitaginarrebarekin eta emaztearekin batera, Cometel enpresa sortu zuen 1987. urtean. Hasieran, makina-erremintarako osagarriak diseinatzen eta fabrikatzen zituzten, baina, 1993an, plangintza aldatu eta ekipoen amaierako erabiltzaileentzako produktu eta zerbitzuak ekoiztera bideratu zuten ekoizpena (diseinua, fabrikazioa eta doikuntzak egitea garraioko eta txirbil tratamenduko instalazio osoetan, eta estanpazio-ebakinen garraioa, nagusiki automobilgintzaren sektorerako eta tier 1 eta tier 2 hornitzaileentzako).

Miguel Angel Montesek Cometel Espainiako eta Portugalgo enpresa lider bilakatu zuen, eta, 2004an, hazkundearen premietara hobeto egokitzen zen instalazio batera leku aldatu ziren. Handik hiru urtera, 2007an, Cometel Amerikan ere finkatu zen eta filiala ireki zuen Querétaron (Mexiko), eta, urte berean, Cometel Recycling Solutions enpresa sortu zuten.

Korta Sarietako epaimahaiaren esanetan, nazioartean zabaltzeko apustu irmoa egin zuen Cometelek, "betiere tokiko enpresa hornitzaileak oinarri izanik eta enpresa sortzen ikusi zuen Gipuzkoako gunearen ongi egiten jakitea aprobetxatuz". Cometel erreferentzia bilakatu da bere sektorean, enpresa esportatzaile gisa. 2010ean, Gipuzkoako Ganberak Nazioartekotze Saria eman zion. 2012tik, Miguel Ángel Montes kontseilaria da AFM - Makina-Erreminten Fabrikatzaileen Elkartean. 2016ko abenduaz geroztik Sandra Montes da Cometeleko gerentea.

Beste hiru sarituen ibilbideari buruzko informazio gehiago hemen: irekia.euskadi.eus

2018 11 05 miguel angel montes korta saria cometel elgoibar sandra montes

  Lotura duten albisteak: