Eskualdeko bederatzi jatetxek hartuko dute parte ‘Tripontziak’ ekimen gastronomikoan

Barren.eus 2018ko aza. 8a, 14:13

Tripontzioak ekimen gastronomikoa egingo dute, bosgarren urtez, azaroaren 9tik 25era bitartean. Debabarreneko bederatzi jatetxetan Tripontziak Menua eskatu ahal izango da, 28 euroren truke. Elgoibarko Belaustegi jatetxeak ere hartuko du parte.

Tripontziak ekimen gastronomikoaren bosgarren ekitaldia antolatu dute Debegesa Garapen Agentziak eta Debabarreneko Klub Gastronomikoak. Aurten eskualdeko bederatzi jatetxek hartuko dute parte: Belaustegi (Elgoibar), Azitain (Eibar), Hostal Itziar eta Kanala (Itziar), Bordatxo eta Urgain (Deba), Lasturko taberna (Lastur), Mendiola (Ermua) eta Pikua (Mutriku). Sasoian sasoiko produktuak kontsumitzea, eskualdeko ostalaritza sektoreari bultzada ematea eta Debabarreneko establezimendu gastronomikoak zein bertako produktuak balioan jartzea dira ekimenaren helburuak.

Jatetxe bakoitzak bere menua landuko du. Honela, bertako nekazari eta ekoizleen lehengaiekin prestatutako platerak dastatzeko aukera egongo da. Produktu horien artean izango dira, besteak beste, inguruko baserritarren barazkiak, geure kostaldeko arrain freskoa edota Mendaroko txokolatea. Menu bakoitzarekin lehenengo platera, bi edo hiru plater nagusi eta postrea dastatzeko aukera izango da, edaria eta kafea barne.

Jatetxe bakoitzak eskainiko duen menua debabarrenaturismo.com webgunean kontsulta daiteke. Beharrezkoa da aurrez jatetxera deitu eta erreserba egitea Tripontziak Menua aipatuz.

 • Sare sozialetan lehiaketak eta zozketak

Aldi berean, azaroaren 9tik 25era bitartean, Twitter, Instagram eta Facebook sare sozialetan lehiaketak jarriko dituzte abian, Debabarrena Turismoren profilen bitartez, herritarren parte-hartzea sustatu eta saritzeko helburuarekin.

  • Twitterren eta Instagramen, erabiltzaileek argazkiak partekatu beharko dituzte euren “Tripontziak” unea erakutsiz, txioan #Tripontziak etiketa erabiliz eta jatetxearen izena aipatuz.
  • Facebooken, aldiz, Debabarrena Turismoren orrialdera sartu –facebook.com/DebabarrenaTurismo–, “Atsegin dut” botoia sakatu, eta #Tripontziak uneko argazkiak partekatu behar da.

Halere, sare sozialen erabiltzaile ez direnek ere izango dute aukera sariak eskuratzeko. Horretarako, Tripontziak Menua dastatu duten jatetxean Tripontziak zozketako kupoia eskatu beharko dute, harremanetarako euren datuekin bete eta establezimenduan bertan entregatu.

tripontziak debabarrena kartela

Parte-hartzaile guztien artean sari ugari zozkatuko dira: Tripontziak egonaldi bat (ostatu-gau bat eta gosaria, bi pertsonarentzat, Debabarreneko nekazaritza-turismoko establezimendu batean, eta Tripontziak menu bat bi pertsonarentzat); Tripontziak menuak bi pertsonarentzat, eta Mendaroko Txokolate-sortak.