“Kalejira beldurgarria” iragarri zuen Biraka dantza taldeak barixakurako, eta halaxe izan zen. 18:30ean abiatuko ziren Kultur Etxe paretik eta Errosario kaletik behera kalejiran joan ziren Kalegoen plazaraino. Bidean hileta bat irudikatu zuten eta era guztietako izaki beldurgarriek osatu zuten hilkutxaren segizioa: sorginek, zombiek, mamuek... Hori bai, musika entzuten zutenean dantzari bihurtzen ziren beldurgarriak, piztiak lasaitu eta hildakoak berpizteko ahalmena baitu musikak, besteak beste.
Gaba Beltzerako girotua zegoen Kalegoen plazan koreografia landuak eskaini zituzten Biraka dantza taldeko kideek, orduerdi pasatxoko emanaldian.