Jon Gurrutxagak "Kateak" diskoa aurkeztuko du zuzenean Kultur Etxeko Sotoan

Barren.eus 2018ko aza. 15a, 12:46

Sinuosek antolatuta, kontzertua eskainiko du Jon Gurrutxagak barixaku gauean Kultur Etxeko sotoan. Urbil Artolarekin batera arituko da elgoibartarra, eta, besteak beste, Kateak azken bildumako abestiak aurkeztuko ditu.

2018 11 15 kateak jon gurrutxaga sinuose kartelaJon Gurrutxagak Urbil Artola dobro jotzailea izango du lagun azaroaren 16an sotoan eskainiko duten kontzertuan. Estudioko azken grabaketa duen Kateak diskoa aurkeztuko du emanaldi honetan, Kateak Bira hasi baitu lan berria ezagutzera emateko. Lau abestirekin argitaratu du azken diskoa, formato txikian, Gaztelupeko Hotsak zigiluak abian jarritako Lokatzetan Play singleen bildumaren barruan.

Sotoko kontzertua 23:00etan hasiko da.

Ibilbide luzea egin du musikan Jon Gurrutxagak (Elgoibar, 1978). Arima Beltzak-en sasoitik gaur arte proiektu askotan ibili da. Jon & Sugramas goitizen artistikoa erabili zuen 2010ean disko homonimo batekin plazara ateratzeko, talde formatuan, baina abestiak lantzeko eta grabatzeko bide pertsonal eta malguago batera jo zuen "Hitz lauz" diskoan. UEK, Andrakan, Bikustik... hainbat proiektutan ibili da eta iaz bira bat egin zuen Keu Agirretxearekin.

Lotura duten albisteak: