Zapatuan, abenduaren 15ean, egingo dute Elgoibarren fibrosi kistikoa gaixotasuna dutenei laguntzeko elkartasun ekitaldia. Antolatzaileek herritar guztiak animatu dituzte parte hartzera. Ekimenaren aurkezpenean azaldu dutenez, ahal duten lagun gehien jarri nahi dituzte igerian, 17:00etatik 19:30era bitartean, Olaizaga kiroldegiko igerilekuan. "Edonork har dezake parte eta guztien artean igerian eginiko distantzia zenbatuko dugu amaieran, baina gutxienekoa da hori, nahi duguna da fibrosi kistikoa bistaratzea, gaixotasun ezezaguna baita jendartean, baina Elgoibarren ere badaude gaixotasun hau duten lagunak". Gaixotasunari buruzko informazioa emango dute Olaizaga kiroldegiko harreran ipiniko duten mahai informatiboan. Ez dute sarrerarik kobratuko baina borondatea emateko aukera izango da.
• Elgoibarko Igeriketa Taldekoen ekimena
Gaurko aurkezpenean argitu dutenez, Elgoibarko Igeriketa Taldekoen ekimena izan da elkartasun ekitaldi hau antolatzearena. "Urtero ekintza solidario bat antolatzeko asmoa du igeriketa taldeak eta fibrosi kistikoaz gaixo dauden lagunen aldekoa izango da aurrenekoa. Batutako dirua Arnasa elkartearentzat izango da", adierazi du Udal Kirol Patronatuko zuzendari Ramon Mugicak. Kirol Patronatuaz gainera, Udaleko Gizarte Ongizate sailak ere bat egin du ekimenarekin eta baita Sanlo kirol taldeak ere. Alcorta Forging Group eskubaloi taldeak Zaragozako Maristas taldearen aurkako partida jokatuko du, zapatuan, Olaizaga kiroldegian eta senior taldearen partidetan egin ohi duten errifarekin batutako dirua ere FQ Arnasa elkartearentzat izango da.
• Gaixotasun harraroa
Fibrosi kistikoa gaixotasunak 5.000 jaiotzetatik bati eragiten dio, eta gehienbat birikietan eragiten du, Arnasa elkarteko ordezkari Noemi Uribek aurkezpen-ekitaldian jakitera eman duenez. Gaixotasun hereditario, kroniko eta degeneratiboa da fibrosi kistikoa (ikus hemen sintomak, diagnostikoa eta tratamendua). Pankrean ere eragina dauka, eta ondorioz, otordu bakoitzagaz entzina pankreatikoak hartu behar dituzte. Horregaz batera, antibiotikoak, bitaminak eta gatza ere hartu behar dituzte.
Tratamendu zorrotza bete behar dute fibrosi kistikoa duten lagunek, hutsik egin gabe. Horrez gainera, elikadura osasuntsua eta egunerokoan kirola egitea gomendatzen diete, eta igeriketa kirol aproposa dela eurentzat zehaztu du Uribek. Arnasa Gipuzkoako fibrosi kistikoaren elkarteak 40 bat bazkide dituela gaineratu du. Gaixoei eskaintzen dieten arnas fisioterapia ere oso garrantzitsua dela azaldu du. Arnasa elkarteko fisioterapeutak joaten dira gaixoen etxera, eta gurasiei ariketak nola egin irakasten dizkiete.