Nerea Sasiain txapeldun pista estaliko Euskadiko atletismo txapelketan

Barren.eus 2019ko ots. 11a, 12:22

Euskadiko pista estaliko atletismo txapelketa, senior mailakoa, jokatu zuten asteburuan Anoetako Belodromoan, Donostian. Nerea Sasiain Uranga 400 metroko lasterketan lehiatu zen, eta urrea irabazteaz gainera denboraldiko markarik onena ezarri zuen.

Nerea Sasiainek 57 segundo eta 13 ehunekotan korritu zituen 400 metroak eta garaipen argia eskuratu zuen Euskadiko atletismo txapelketan. Sasiainek segundo bat baino gehiagoko aldea atera zion finalean bigarren egin zuen Anne Susori (58.35). Alde handia da hori distantzia honetako lasterketetan. Kerry Iyoha Isokpan sailkatu zen hirugarren postuan (58.41). (Euskadiko txapelketako emaitzak -PDF-). Joan den urtarrilean distantzia honetako Gipuzkoako txapelketa ere irabazi zuen Sasiainek (58.74), eta bigarren postua lortu zuen 200 metroko Gipuzkoako txapelketan. 

Denboraldiko markarik onena da Sasiainek asteburuan Donostian eginikoa, eta hiru hamarrekotan ondu du duela urtebete pista berean jokatutako lasterketan eginiko denbora. Gainera, eginiko markak aukera emango dio 20 urtez azpikoen Espainiako txapelketan lehiatzeko. Martxoaren 2an eta 3an jokatuko da Madrilen pista estaliko denboraldiari amaiera emango dion txapelketa. 2018ko pista estaliko Espainiako txapelketan laugarren postuan sailkatu zen antxitxikari elgoibartarra eta dominaren bat etxera ekartzea nahi du aurtengoan. 400 metroko lasterketan 56.77 da Sasiainen markarik onena, pista estalian. Antequeran (Malaga, Espainia) lortu zuen 2018ko martxoaren 10ean. Aire librean, berriz, 56.22 da bere marka pertsonala. Valladolien eginiko lasterketan lortu zuen 2018ko maiatzaren 16an. 

 • Ander Armendia finalerdietan
Ander Armendia atleta elgoibartarrak ere hartu zuen parte Euskadiko txapelketan. Armendia 200 metroko lasterketan lehiatu zen eta finalerdietako kanporaketan 23.78ko denbora eginda ez zen finalerako sailkatu. Bere mailaren azpitik aritu zen Armendia, bere marka onenetatik urrun. Pista estaliko 20 urtez azpikoen Espainiako Txapelketan lehiatzea da Armendiaren helburua, baina gutxieneko marka lortu behar du horretarako. 20 urtez azpiko Gipuzkoako eta Euskadiko txapelketetan saiatu beharko du gutxieneko marka lortzen. Nerea Sasiain eta Ander Armendia Super Amara BAT taldearekin lehiatu ziren Euskadiko txapelketan.
 • Mintxetako atletak gazteen Gipuzkoako eta Euskadiko txapelketan
Gipuzkoako gazteen pista estaliko txapelketa jokatuko dute Donostian, datorren zapatuan, otsailaren 16an; eta, Euskadiko txapelketa hurrengo asteburuan, otsailaren 23an. 18 eta 20 urtetik azpiko atletak lehiatuko dira. Mintxeta Atletismo Taldeko hainbat atleta lehiatuko dira aipaturiko bi txapelketetan: Andoni Orio, Maialen Izagirre, Cristina Marcos eta Zakariae el Hachmi.

∞Lotura duten albisteak: