Elgoibarko baserrietako produktuak erosteko aukera egongo da otsailaren 23an, hileko azken zapatuko ferian, eta 11:00etatik aurrera, Elgoibarko Institutukoek txosna zabalduko dute. Eguerdi parterako, xaboi tailerra antolatu du Debemenek, ume eta gaztetxoentzako. Aita Agirre plazan, bestalde, ganadu erakusketa egingo da. Hileroko azoka hauek Udalak antolatzen ditu Debemenekin elkarlanean, bertako baserritarrek ekoizturiko produktuen kontsumoa bultzatzeko, Baserrikoa ekimenaren barruan.
• Kale Kantarien saio berezia San Lazaro egoitzan
Kale Kantariek oraingoan, kalera irten beharrean San Lazaro egoitzan eskainiko dute kantaldia, eta gero, bazkaria egingo dute herriko elkarte batean. Interesa duen orok hartu dezake parte, eta antolatzaileek esan dute ez dela derrigorrezkoa San Lazaron abestea bazkarira joateko. Hori bai, bazkaritarako izena emateko eskatu dute, hilaren 21erako: 687 216 766 (Ana)