Ane Beitia Elgoibarko Udaleko alkateak eta Iñaki Goirizelaia PuntuEUS Fundazioaren lehendakariak hamar urterako hitzarmena sinatu dute, gaur goizean, fundazioaren egoitza berria izango den eraikinean, Altzolatarren Dorretxean. Hitzarmen horri esker, Kultur Etxea izango da PuntuEUS Fundazioaren egoitza nagusia hurrengo hamar urteetan. Elgoibarko Udalak, Kultur Etxeko lehenengo solairuko 100,82 m2-ko azalera duen gela bat lagako dio PuntuEus Fundazioari. Kultura eta euskara sailek erabiltzen dituzten bulegoak hartuko dituzte. Aita Agirre eraikina eraberritzeko lanak bukatzen direnean Euskara eta Kultura Sailak hara eramango dituzte eta orduan etorriko dira PuntuEUSekoak.
Egun PuntuEUS Fundazioak ez du egoitza finkorik bere eguneroko jarduna gauzatzeko eta muga ekonomikoak direla eta, ez dute posible ikusten lokala hartzeko aukera. Elgoibarko Udalak bat egiten du PuntuEUS Fundazioaren helburuekin, euskara eta euskal kultura sustatzea eta euskara eta euskal kulturaren komunitatea kohesionatzea, hori dela eta, Udalak begi onez ikusi du lankidetza hitzarmen bat sinatzea Fundazioaren proiektuak garatzen laguntza emateko.
PuntuEUS Fundazioa 2012an sortu zuten, Donostian, ICANNen aurrean .EUS domeinuaren eskaria aurkezteko. 2014an domeinua errealitate bihurtu zenetik, .EUS kontrolatu eta administratzeko ardura duen erakundea da. Aurten beteko dira 5 urte lehenengo .EUS webguneak sareratu zirenetik, eta gertu dago 10.000 domeinu-izen lortzea.
Ingurune digitalean euskara lehen mailako hizkuntza izan dadin egiten du lan PuntuEUS Fundazioak. Domeinuaren bidez, euskara ingurune digitalean baliagarri, erabilgarri eta ikusgarri egitea da helburu nagusia.
• Ingurune digitala jomugan
Kokapen berri honi esker, egiten duen lanak Elgoibarko herrian eragina izatea nahiko luke PuntuEUS Fundazioak. "Helburua da Elgoibarko eragile eta herritarrekin elkarlanean ingurune digitalean eragitea, euskararen erabilera sustatzeko", azaldu du Goirizelaiak.
Abiapuntu gisa, Elgoibarko Izarrarekin eta Elgoibarko Udalarekin elkarlanean, 11. Euskara ala Ezkara jardunaldia antolatzen parte hartuko du PuntuEUSek. Euskarari eta euskal kulturari lotutako jardunaldiak ingurune digitala izango du ardatz aurtengo edizioan.