Jon Olivares (Osintxu, 1988) Atxutxiamaikako koordinatzailea da eta Taupada antzerki taldeko kide da azken hamar urteotan; eta, taldearen hainbat lanetan parte hartu izan du. Ikasgaia obran, esaterako, bera izan da protagonistetako bat, Sara Iriondorekin batera. Horrez gain, Alli abajo telesail ezagunean ere parte hartu izan du.
• Bi familia protagonistetako baten semeetako bat izango da Olivares
Patriak bi familiaren historia kontatzen du. Hasiera batean adiskidetasun estuak elkartutako familiak dira, baina denbora asko igaro aurretik etsai bihurtuko dira arrazoi politikoak direla eta, eta amek, narrazioaren ardatz nagusiek, bultzatutako elkarrenganako gero eta gorroto handiagoaren biktima izango dira. Ane Gabarain izango da ama horietako bat, Miren, HBOren fikzioan. Joxian senarrak (Mikel Laskurain) eta biek hiru seme-alaba dituzte eta horietako baten papera antzeztuko du Jon Olivaresek, Joxe Marirena, hain justu ere. Loreto Mauleónek (Arantxa) eta, Handia filmagatik Goya sari bat irabazi zuen Eneko Sagardoyk (Gorka) antzeztuko dituzte Olivaresen arrebaren eta anaiaren paperak.
• Aktoreak eta lantaldea
HBO kateak lehendik ere jakitera emana zuen Ane Gabarain eta Elena Irureta izango direla Patria telesaileko protagonistak. Orain, aktore gehiagoren izenak jakinarazi dituzte. Eneko Sagardoi, Mikel Laskurain, Loreto Mauleon, Jose Ramon Soroiz, Iñigo Aranbarri, Susana Abaitua eta Jon Olivares aipatu dituzte. Era berean, HBOk lantaldearen datu guztiak jakinarazi ditu: zuzendariak Felix Biskarret eta Oscar Pedraza izango dira —urte hasieran, Pablo Trapero zinemagile argentinarra kaleratu egin zuten—. Argazki zuzendaritzaz Alvaro Gutierrez arduratuko da, jantzien ekoizpen zuzendaria Clara Bilbao izango da, produkzio diseinuaz Juan Pedro de Gaspar arduratuko da, ile-apaintzaile lanez Karmele Soler eta makillajeaz Sergio Perez Berbel. Montatzaileak, berriz, Alberto del Campo eta Victoria Lammers izango dira.
• Grabazioak Elgoibarren
Datorren egaztenean, martxoaren 20an, hasiko dira telesaila grabatzen Donostian, baina Elgoibarko kokalekuak ere erabiliko dituzte. Dagoeneko egon dira kamerekin Elgoibarko hainbat leku aztertzen. Figurante casting-a ere egin zuten urtarril amaieran Kultur Etxean. Uztailera arte iraungo dute grabaketa lanek. HBOk Europa osoan eta Amerika osoan estreinatuko du zortzi kapitulu izango dituen telesaila 2020. urtean.
Fernando Aranburu idazlearen Patria eleberrian dago oinarrituta telesaila. HBO Europe katearen gaztelaniazko lehen telesaila izango da. Alea Mediako buru Aitor Gabilondoko buru Aitor Gabilondo (Donostia, 1972) da egokitzapenaren sustatzaile, gidoilari nagusi eta produktore eragilea.