Debabarreneko Lanbide Heziketa Azokaren laugarren ekitaldia aurkeztu dute

Barren.eus 2019ko mar. 15a, 18:52

Erakusketa espazio bakar batean Debabarreneko Lanbide Heziketako zortzi ikastetxeetan eskaintzen diren heziketa ziklo eta prestakuntza-ibilbide ezberdinak bildu eta erakutsiko dituzte #ABIAN azokan. Gaur aurkeztu dute Eibarren, martxoaren 27tik 29ra egingo den azoka.

Eibarko Armeria Eskolako patioan egingo dute #ABIAN Debabarreneko Lanbide Heziketa Azokaren laugarren edizioa, Debabarreneko Udalek, Debegesa Garapen Agentziaren bitartez, eta eskualdeko Lanbide Heziketako ikastetxe guztiek antolatuta. Eskualdeko honako ikastetxe hauek parte hartuko dute: Armeria Eskola, IMH Makina Erramintaren Institutua, Meka Lanbide Eskola, Kardala Akuakultura Eskola, Mutrikuko Institutua, Uni Eibar-Ermua,Eibarko Oinarrizko Lanbide Heziketarako Udal Institutua eta Ermua-Mallabiako Oinarrizko Lanbide Heziketarako Udal Institutua.

2013an hasi ziren azoka hau antolatzen eta bi urtetik behin egiten dute (ikus 2017koa). Antolatzaileen esanetan, egitasmoaren helburu nagusia da kalitatezkoa den eta lan-merkatuaren beharretara egokitzen den lanbide heziketa gerturatzea eta izen ona lortzen laguntzea.

 • Erakundeen eta eskualdeko enpresen babesa
ABIAN azokak, beste behin, Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailaren, Gipuzkoako Foru Aldundiko Ekonomia Sustapeneko, Landa Inguruneko eta Lurralde Orekako Sailaren eta SD Eibar Fundazioaren laguntza ekonomikoa jaso du.

Halaber, eskualdeko hamahiru enpresa industrialek ekimenarekin bat egin dute, Lanbide Heziketaren sustapenean euren konpromisoa eta lankidetza erakutsiz. Enpresa laguntzaile dira: Alcorta, Bronymec, DanobatGroup, Egile, EPC, Grupo Unceta, Haizelur, HRE Hidraulic, IK4-Tekniker, Industrias Mail, MEK Group, Sitab eta Urkotronik.
Azokaren gaineko xehetasun guztiak gaur goizean aurkeztu dira SD Eibarrek Ipuruan dituen instalazioetan egin den prentsaurrekoan. Meka Lanbide Eskolako Ikasketa-buru Kontxi Aranak, “Lanbide Heziketaren onurak ezagutzera emateko ABIAN bezalako topaketen garrantzia” azpimarratu du; onura horien artean dira: lan merkatura egokitutako titulazio berrien etengabeko sorrera eta eguneraketa, LH ikasteko sarbide ezberdinak eta LHko titulazio eta unibertsitate graduen arteko zubiak, Lanbide Heziketa Duala, ikasleen prestakuntza prozesuan enpresak ere gehituz, edota ekintzailetzaren sustapena Ikasenpresa bezalako programei esker. Ikasenpresa programak Lanbide Heziketako ikasleen artean ekintzailetza bultzatzea du helburu, ikasgeletan euren enpresa-proiektuak sortuz.
 • 700 ikasle baino gehiago
Egun, Debabarrenean 45 bat heziketa ziklo eskaintzen dira, arlo profesional ezberdinetara egokitutako eduki teorikoekin eta praktikoekin, horien artean LH Duala, enplegagarritasun handikoa eta enpresek oso estimatua.

ABIAN azokak iraungo duen hiru egunetan, eskualdeko DBHko eta Batxilergoko ikasleen bisitak izango dira; 700 ikasletik gora igaroko dira bertatik, etorkizun hurbilean zer ikasketa egin erabakitzeko informazio osoa izan dezaten.

Ikasleez gainera, publiko orokorrak ere zabalik izango ditu azokako ateak (gurasoak, orientatzaileak, langabezia egoeran dauden pertsonak...). Hitzaldiak eta tailerrak ere antolatuko dituzte, irekiak eta doakoak, interesa duten herritar guztiei zuzenduta.

Informazio osoagoa: debegesa.eus

2019 03 15 abian azoka debabarrena aurkezpena ipurua