Eusko Jaurlaritzak jendaurreko ikuskizunen eta jolas jardueren EAEko lehenengo erregelamendua onartu zuen otsailaren 5eko Gobernu Bileran. Kulturaren eta komertzio txikien kontrako erasotzat ulertuta, Arteak Ireki plataforma sortu dute. Bilbon aurkeztu zuten plataforma eta bertan azaldu zutenez, taberna batek ere ezingo du antolatu hilean ikuskizun bat baino gehiago edo urtebetean 12 baino gehiago. "Arazoa ez zeguen lekuan arazoa sortu du Eusko Jaurlaritzak dekretu honekin", adierazi zuten. Era berean, martxoaren 23a aktibazio kulturalerako eguna deitu du plataformak eta Euskal Herri osoan egingo dituzte mobilizazioak.
• Musika eta antzerkia Maalan
Elgoibarren Maalan izango da Arteak ireki ekimenaren aldeko ekitaldia. EME (Elgoibarko Musikaren Elkartea) sortu berri dute herrian eta taldekideek era askotariko abestiak joko dituzte. Taupada antzerki taldeak ere bat egin du ekimenarekin eta ikuskizuna prestatu du. 12:00etan hasiko da ekitaldia, manifestuaren irakurketarekin. Ondoren, kontzertu akustikoa emango dute musikariek eta Taupadaren antzezlanarekin amaituko dira emanaldiak.