• Hirugarren edizioa du aurten Emakume Master Cup pilota txapelketak, eta hirugarren aldiz zeuk jantzi duzu txapela. Ez dago zuri irabazteko aurkaririk, ala?
Egia esanda, ondo jardun naiz hiru urteetan. Aurreko bi edizioetan neukan bikotekidearekin oso ondo moldatzen nintzen, baina aurten bikoteak osatzerako orduan oreka zaintzen ahalegindu dira; hau da, esperientziadun pilotariak gazteekin jarri gaituzte, eta baneukan beldur apur bat. Baina txapelketan izena ematen duten pilotariek maila oso handia daukate, eta ondo moldatu gara aurten ere. Leirek [Leire Garai] 15 urte dauzka, gure mailan uste dut bera dela gazteena, eta akaso presioa igarriko zuen txapeldunaren ondoan jarri zutenean, baina maila oso ona eman du txapelketa guztian. Ni ahalegindu naiz lasaitasuna transmititzen eta berak dakien moduan jokatzen lagatzen. Hasieran ez ginen oso ondo ulertzen, baina txapelketa aurrera joan ahala, askoz hobeto moldatu gara.
• Finalean behintzat oso ondo moldatu zineten. 22-5 irabazi zenuten. Kanpotik begiratuta, oso erraz irabazi zenutela dirudi. Nolako partida izan zen?
Guk ondo jokatu genuen, eta besteek ez zuten euren egunik onena eduki, baina horrek ez du esan nahi erraz irabazi genuenik. Gure jokoa ondo egin genuen, eta eurei ez genien laga eurena egiten. Zuloak ondo tapatu genituen, eta ez genien laga tantorik egiten. Argi geneukan zer egin behar genuen partida irabazteko: Patrik [Patri Espinar] oso joko bizia dauka, aurrean jokatzea gustatzen zaio, eta gure helburua Patriri pilota kentzea zen, eta jokoan behartuta sartzera behartzea. Hori egitea lortu genuen, eta hortik begiratu behar zaio emaitzari.
• Txapelketa, oro har, nolakoa izan da?
Finaleko emaitza ikusita ematen du erraza izan dela horra iristea, baina ez da hala izan. Finalaurrekoa, esaterako,
oso justuan irabazi genuen. 17-14 galtzen joan ginen, eta azkenean 18-17 irabazi genuen. Finala askoz orekatuagoa izatea espero genuen denok, baina Patrik arrisku handia hartu zuen bere jokoan, eta sartu behar ez zen lekuetan ere sartu zen. Horrek huts egite asko ekarri zizkion.
• Binakakoan hiru aldiz jantzi duzu txapela, baina 4 t’erdikoan ere irabazitakoa zara. Bakarka ala binaka moldatzen zara hobeto?
Bikoteka beti hartu behar duzu kontuan bestearen lana eta jokoa, eta banaka norberak kontrolatzen du noraino ailegatu ahal den. Bikoteka errazagoa dela dirudi, baina jakin egin behar da beste pertsona batekin jokatzen ere. Ez da hain erraza. Nik uste dut badakidala laguna ulertzen. 4 t’erdikoan falta zait tantoak amaitzea, baina nahiko ondo moldatzen naiz, dena den.
• Emakumeen artean ba al dago pilotarako zaletasunik?
Gero eta gehiago. Gure mailan sei bikote lehiatu gara, baina txapelketan uste dut 110 pilotarik eman dutela izena. Federatu gabekoek ere parte hartu dezakete, eta horrek jendea animatzen du. w Eta, ikusleen aldetik? Finalerako frontoia txiki geratu zen. Bai, eta iaz Astelenan jokatu genuen, eta orduan ere jendea kanpoan geratu zen. Antolatzaileek horretan promozio lan handia egiten dute komunikabideekin, eta uste dut eureri esker dagoela emakumeen pilotarako afizioa.
• Atzelaria zara. Zein da zure indargunea?
Atzean jokatzen dut normalean, bai eskuz eta baita palaz ere, askoz hobeto moldatzen naizelako. Baina aurrean jokatu behar badut ere, ez daukat arazorik. Nire jokoa tantoari eustea da, pilota eraman eta eraman, kontrarioa higuindu arte eutsiz. Palaz mutilekin jokatzen dut, eta hori izaten da nire aukera bakarra. Indarrean irabazi egiten didate, eurak gehiago dira, beraz, pilota eraman egiten dut, eurak huts egin arte. Teknika hori bera erabiltzen dut gero eskuz.
• Palan mutilekin jokatzen duzu ligan. Nola iritsi zara horra?
Bizkaiko txapelketan bi neska geunden nahiko ondo moldatzen ginenak palan, beste neskekin konparazioan. Partidak alde handiz irabazten genituen, eta hori ez zen ona ez guretzat eta ezta beste neskentzat ere. Orduan mutilekin jokatzea proposatu ziguten. Hiru urte daramatzat palan mutilekin lehiatzen, eta oso gustura ari naiz. w Eskuz ala palaz jokatzea duzu nahiago? Denek galdera berbera egiten didate! Bietan moldatzen naiz ondo, eta ezin dut bat aukeratu.
• Elgoibarren eta inguruko herrietan emakumezkoen pala txapelketak asko ugaritu dira.
Bai, hala da. Azken urteetan emakumea asko sartu da kirolean, eta palak indar handia hartu du, bai. Herri baten funtzionatzen duela ikusten badute, ingurukoak ere animatzen dira, eta jendea herri batetik bestera ibiltzen da askotan. Afizioa badago. Txapelketa antolatzeko jendea badago, jokatzeko jendea beti agertzen da.
• Txapela jazteagatik 300 euroko saria jaso duzu. Gizonezkoetan sari handiagoak izaten dira.
Kirol guztietan bezala, pilotan ere emakumezkoen eta gizonezkoen artean desberdintasun handia dago, baina espero dut pixkanaka gauzak aldatzen joatea. Oraindik lan handia dago egiteko, baina ez dut galduko gizonezkoen eta emakumezkoen berdinatasuna llortzeko esperantzarik. Fisikoki oso desberdinak gara, eta alde horretatik lehian berdintasuna lortzea ezinezkoa izango da, baina baldintzetan behintzat berdintasuna lortu beharko genuke.
• Pilotan jokatzeaz gain, pilota eskolak ere ematen dituzu, baina pilotatik bizi al zara?
Emakume bat bizi al daiteke pilotatik? Ez, gaur egun emakume batek ezin du pilotatik bizi, momentuz ez behintzat. Niri kirola egitea gustatzen zait, hau da nire afizioa, eta momentuz honetan dihardut. Egunen baten beste lanen bat topatzen badut, ahaleginduko naiz pilotarekin uztartzen, baina ezin bada, pilota laga egin beharko dut.
• Nola hasi zinen zu pilotan?
Betidanik gustatu izan zait kirola egitea, eta ume-umetatik baloiaz edo pilotaz jolasean ibili izan naiz. Etxebarriko frontoian jokatzen nuen, eta 12 bat urterekin Markinako pilota eskolan sartu nintzen. Unai Iglesias izan nuen entrenatzaile bi urtez. Neskak eta mutilak batera jarduten genuen, baina 14 urterekin desberdintasunak handitzen hasi ziren. Mutilek indar handiagoa daukate, eta ezin genuen eurekin lehiatu. 14 urterekin pilota laga eta futbolean hasi nintzen. Zazpi bat urte egin nituen futbolean. 21 urte nituela Unai Iglesiasek animatu ninduen palaz jokatzen hastera. Eta eskuz orain dela gutxi hasi naiz berriz, Emakume Master Cup txapelketari esker.
• Noiz arte jarraituko duzu pilotan?
Lesioek errespetatzen nauten bitartean ahaleginduko naiz segitzen, eta txapel gehiago irabazten. Ez dut aterik itxi nahi. Lagun pila bat eman dizkit pilotak.
• Pilotari lotuta, zein da zure ametsa?
Gizonezkoetan bezala, nesken pilota profesionala sortzea. Baina hori ezin bada, nahi nuke emakumeen txapelketa honek segitzea, eta irabazi ahal badut, ba irabazi.
• Etxekoek nola hartu dute zure pilotarako afizioa?
Oso ondo. Etxean beti babestu naute, ez daukat inolako kexarik. Partida denak ikustera etortzen dira, eta ikaragarri animatzen naute.