Andoni Segundo: “Harritu egin nau Elgoibarren daukagun zuhaitz aniztasunak”

Barren.eus 2019ko api. 27a, 09:55

 Elgoibarko zuhaitzak’ liburua idatzi du Andoni Segundok (Elgoibar, 1957), eta Elgoibarko Udalaren laguntzarekin argitaratu du. Natur Zientzietako irakaslea da, eta betidanik izan du natur gaiekiko interesa. Zuhaitzetan jarri du begia oraingoan, eta Elgoibarko herriguneko espazio publikoan dauden zuhaitz espezie desberdinak jaso ditu, gidaliburu praktiko eta erabilgarri batean. 

Andoni Segundok 65 bat espezie desberdin aurkitu ditu herrigunean, eta guztien irudiak sartu ditu liburuan, berak eskuz marraztuta. Horrez gain, hostoak identifikatzeko gako dikotomikoak, zuhaitzen euren kokapena, espezieen ezaugarriak eta beste hainbat datu kurioso jaso ditu liburuan. Euskara hutsean idatzi du liburua, eta doan banatu dute ikastetxeetan.

• Nola bururatu zitzaizun Elgoibarko zuhaitzei buruzko liburu bat egitea?

Aspaldiko kontua da. Gaztea nintzela gurasoek Kutxak emandako liburu bat ekarri zuten etxera, Gipuzkoako zuhaitzen informazioa zekarrena. Jolas edo dibertimendu bezala inguruko zuhaitzak sailkatzen hasi nintzen liburuko gidarekin, eta konturatu nintzen zuhaitz bat sailkatzea lortzen nuenean sekulako poza hartzen nuela. Beste modu batean ikusten nituen zuhaitzak sailkatu ostean, nolabait esateko, eta apur bat exageratuz, zuhaitz hori neure lagun bilakatzen zen. Gerora, eskolara ere iritsi zen Euskal Herriko zuhaitz bitxiei buruzko liburu dotore bat, Jaurlaritzak argitaratutakoa. Bergarako zuhaitz bat eta Arrasatekoren bat ere agertzen ziren liburu hartan, eta pentsatu nuen Elgoibarren ere egongo zela zuhaitz bitxiren bat. Horrela hasi nintzen Elgoibarko zuhaitzak sailkatzen. Urte pila bat eman ditut zuhaitzak sailkatzen, eta halako batean konturatu nintzen material pila bat neukala. Liburu batean jasotzea interesgarria izango zela pentsatu nuen, eta Udalera jo nuen. Interesatu zitzaien eskuartean neukana, eta beraiek argitaratu dute. Orain dela bi urte hartu nuen erretiroa, eta azken bi urteotan burubelarri ibili naiz liburuan lanean. Gustura egindako lana izan da, eta lan honi esker pila bat pasiatu dut.

• Zein helbururekin egin duzu liburua?

Hasieratik neukan argi gidaliburu praktiko eta erabilgarria egin nahi nuela. Ni ez naiz botanikoa, eta nire asmoa ez zen zuhaitzen ikerketa sakon bat egitea. Interesa eta motibazioa neuzkan gai honetan, baina erraz kontsultatzeko liburua egin nahi nuen. Hasieran ez neukan buruan eskoletan erabiltzeko liburua izatea, baina materiala bildu ahala oso egokia iruditu zitzaidan eskoletarako. Orduan, Udalari eskaini nion nire lana, eta eskerrak eman behar dizkiet egin zidaten harreragatik eta emandako laguntza guztiagatik. Nik idatzi dut liburua, baina Udalak argitaratu du, eta izugarri eskertzen diet nigan jarritako konfiantza. Nire asmoa ez da inoiz izan liburu honekin dirua irabaztea, eta horregatik ez dugu salgai jarri. Eskoletan banatu dugu liburua, eta udaletxean ere eskuratu daiteke, modu pertsonalean interesa duen edonork ere erabili dezakeelako. Argi utzi nahi dut modu kolektiboan eginiko lanaren lehenengo pausoa dela liburu hau. Garbi dago denborarekin zuhaitz batzuk desagertu egingo direla eta beste berri batzuk sortuko direla, beraz, amaierarik gabeko lana da hau. Nik hasiera eman diot, baina oraindik amaitu gabe dago. Gure asmoa lan hau Udalaren webgunean online jartzea da eta joatea informazioa berritzen. Eta lan horretan edozein herritarren kolaborazioa edo lankidetza onartuko dugu; nahi dugu jendeak parte hartzea lan honetan, informazioa osatzen, zuzentzen edo dena delakoa egiten.