El Diario Vasco egunkariak urtero saritzen zituen Gipuzkoako kirolari onenak, irakurleek emandako botoen bidez. Sari nagusi bat eta kirol bakoitzekoak ematen zituzten. 1971. urteko sari nagusia Jose Manuel Urtain boxeolariari eman zioten eta mendizaletasun atalekoa jaso zuen Pako Iriondok. Euskal Mendizale Federazioko presidente izendatu eta hamabost egunera jaso zuen saria, ahotsak.eus-en jasota duten bideoan Pako Iriondok berak azaltzen duen moduan.
Euskal Mendi Federazioko (Federación Vasco-Navarra) presidentetarako proposatu zuten 1971an. Lau hautagai ziren eta Iriondok irabazi zuen alde handiaz, Iruñean egin zuten batzarrean.
Diario Vascok emandako saria Donostiako Tenis Elkarte Errealean jaso zuten sarituek, Igeldo mendiaren magalean. Urtain eta Pako Iriondoz gainera, beste hainbat kirolari ezagun zeuden saritutakoen artean, besteak beste: Belen Azpeitia (atletismoa), Txomin Perurena (txirrindularitza), Migel Soroa (pilota) edo Jose Luis Korta (arrauna). Garaiko egunkarietan jasota dagoenez, kirolariek egunkariko zuzendari Juan Maria Peñaren eskutik jaso zituzten sariak, eta Peñak kirola sustatzeko egiten zuten lana eskertu zien kirolariei zein Gipuzkoako kirol taldeei. Espainiako ardoa edanez amaitu zuten ekitaldia.
Boxeoa eta mendizaletasunak bat egin zuten nolabait 1971n, eta datorren zapatuan, maiatzaren 11n, ere halaxe izango da Elgoibarren, Morkaikoren Egunak eta Olaizaga kiroldegian antolatu duten boxeo jaialdia egun berean izango baitira.
- Sarrera gehiago, ahotsak.com barren.eus atarian