2012an hasi zen Ixa Rodriguez amateur kategorian boxeatzen, eta bost urte maila horretan borrokatzen aritu ostean, profesionaletan dihardu 2018tik. Betidanik gustatu izan zaio kirola, eta hainbat kirol espezialitatetan jardundakoa da, baina boxeoa probatu zuenetik, ez dago beste kirolik bere bizitzan. Erabat harrapatu du boxeoak, eta bere onena ematen dio berak boxeoari. Lan eta ordu asko eskaintzen dizkio, eta gaur egun, boxeoaz bizi da. Zapatuan, boxeoari buruzko oinarrizko ikastaro bat emango du IMH kiroldegian 10:30etik aurrera.
- Nola iritsi zara boxeora?
Elgoibarko gimnasio batean hasi nintzen lanean, aerobox ematen. Boxeoaren antzerakoa da, baina kolpeak aireari ematen zaizkio, ez zakuari edo pertsonari. Oso gustura nenbilen, baina nire buruan baneukan pauso bat gehiago emateko gogoa; zerbait gehiago nahi nuen. Elgoibarkoa bukatu zitzaidanean, Bergarako gimnasio batean hasi nintzen lanean, eta han boxeo zaku bat zegoen. Eskularruak erosi eta nire kabuz hasi nintzen zakuari kolpeak ematen. Bi urtez jardun nuen nire kontura zakuari eman eta eman, eta konturatu nintzen benetan gustatzen zitzaidala boxeoa. Orduan Eibarko gimnasio batean Sanda egiten hasi nintzen. Arte martzial bat da, boxeo txinatarra bezala ere ezagutzen da, eta hortan lehiatzen hasi nintzen. Zortzi borroka egin nituen, eta denak irabazi nituen. Espainiako txapelduna izan nintzen, eta nazioartekoa ere bai. Sanda txapelketako borroka batean Josu Lopategi ezagutu nuen, gaur egun nire entrenatzailea dena, eta hark animatu ninduen boxeoan hastera. Berari esker nago hemen, eta dena eskertu behar diot berari. Probatzera joan nintzen, eta bi hilabeteren barruan lehiatzen hasi nintzen. Ez dut beste entrenetzailerik izango inoiz; oso argi daukat ez dudala beste entrenatzailerik nahi. Josuk eskaintzen duena ez du beste inork eskaintzen. Bere borrokalariak oso ondo zaintzen ditu, beraien osasunaz kezkatzen da, psikologikoki ondo egoteaz arduratzen da... Boxeoan gauza ilun asko ikusi izan ditut, baina Josuk gauza guztien gainetik jartzen ditu bere borrokalariak.
- Boxeoan ez dabil jende asko, eta emakumezkoak gutxiago. Bai, hala da. Kirol guztietan bezala, boxeoan ere desberdintasun handiak daude gizon eta emakumeen artean.
Emakumezkook ez dugu kobratzen gizonezkoen %10a ere ez. Espainian profesionaletan hamar edo hamabi bat neska bakarrik gaude. Gizonezkoetan gehiago daude, baina emakumezkoak ez dira boxeora animatzen. Amateurretan gero eta gehiago daude, baina profesionaletan oso gutxi gabiltza. Oso garrantzitsua da klub bateko kide izatea, ondo zainduko zaituzten klub bateko kide izatea. Psikologikoki ondo egon behar duzu ondo borrokatzeko, eta klub guztiek ez dituzte ondo zaintzen euren borrokalariak.
- 2018tik profesionaletan diharduzu. Boxeotik eta boxeorako bizi zarela esan daiteke?
Bai, boxeoa da nire bizitza, nire pasioa. Eta zorionez, gaur gaurkoz boxeotik bizi naiteke. Nire boxeo kluba daukat Soraluzen, Sorabox, eta boxeo eskolak ematen ditut. Euskal Herrian bost boxeo klub daude, Neskabox izeneko erakunde baten barruan. Klub bateko kide denak gainerako gimnasioetan ere hartu dezake parte. w Boxeoan sartu zinenean, nola hartu zuten etxekoek? Oso ondo! Ezagutzen naute, badakite nolakoa naizen eta hasieratik babestu ninduten. Borrokak ikustera ere etortzen dira,
alboan daude beti ni animatzen.
- Boxeo eskolak ematen dizkiezu ume, gazte eta baita Soraluzeko zahar etxeko adinekoei ere. Boxeoak ez dauka adinik?
Ez, boxeoa edonork praktikatu dezake, bakoitzak bere neurrian. Soraluzeko zahar etxeko adinekoekin izaten ari naizen esperientzia izugarria da. Gizarte Integrazio ikasketak egin nituen, eta zahar etxeko terapeutarekin jarri nintzen harremanetan, ea zerbait egin genezakeen hango adinekoekin. Elena Beristain zahar etxeko zuzendariak esan zidan nahi banuen boxeoa jartzeko adinekoekin praktikan, eta sekulako ideia iruditu zitzaidan. Astean behin joaten naiz, eta oso pozik hartzen naute. Zain egoten dira! Eskularruak jantzi eta ordubeteko terapia saioa egiten dugu. Erreflexuak, kontzentrazioa, memoria eta koordinazioa lantzen ditugu, besteak beste, eta momentu horretan gainera entretenituta egoten dira. Oso-oso gustura joaten naiz.
- Kanpotik ikusita kirol bortitza dirudi boxeoak. Nolakoa da barrutik?
Kirol bortitza dirudi, baina guztiz kontrakoa da. Jendeak kolpeak bakarrik ikusten ditu, eta uste du min handia hartzen dugula, baina ez da horrela. Guk badakigu kolpe horiek irakurtzen, eta badakigu nola defendatu behar garen. Nesken boxeoan, gainera, kolpeak ez dira oso gogorrak izaten. Ez gara mutilak bezain indartsuak, eta ez dugu horren gogor joten. Beste abilezia batzuk ditugu, baina indarra ez da hain garrantzitsua. 80 kilo pisatzen dituen mutil batek bai jo dezake oso gogor, eta horrek errespetua ematen du, baina ni 48-49 kilo azpiko kategorian lehiatzen naiz.
-Boxeoan kolpeak eman eta jaso egiNola ikasten da kolpeak jasotzen?
Kolpeak jasotzen ikasi egiten da, baina oso garrantzitsua da baita ere kolpeak sahiesten jakitea. Erreflexuak eta abiadura lantzea oso garrantzitsua da. Dena dela, jendeak uste duena baino askoz min gutxiago hartzen da boxeoan. Nik ez dut sekula lesiorik eduki. Are gehiago, belaunetik sufritzen nuen lehen asko, belauneko minez egoten nintzen askotan, eta boxeoan nabilenetik ez daukat inongo minik. Niri oso ondo egin dit boxeoak. Bizitzaren metafora bat da: kolpeak hartu, lurrera erori eta altxatzen ikasi behar da, eta gustuko ez duzun zerbait ikusten duzunean, pauso bat atzera egin, babesteko. Aldiz, erasotzeko unea ikusten duzunean, gogor eman behar da.
-49 kilo azpiko kategorian lehiatzen zara. Nola zaintzen duzu zure burua pisu horretan sartzeko?
Pila bat zaintzen naiz, batez ere txapelketaren atarian. Une honetan 53 kilo pisatzen ditut, eta hilaren 11ko borrokaldirako 4 kilo kendu beharko ditut. Azken astean kentzen dira kilo horiek, entrenamendu berezi batzuekin. Plastiko edo txubaskeroa jazten dugu entrenamenduetan gehiago izerditzeko, eta horrela lortzen dugu pisua kentzea. Asko entrenatzen gara, egunean bi aldiz, goizez eta arratsaldez. Profesionaletan lehiatzeko beharrezkoa da egunero entrenatzea. Eta entrenamenduez gain, elikadura ere izugarri zaintzen dut. Disziplina handia eskatzen du boxeoak. Gogorra da, baina hauxe da nire bizimodua, hau da gustatzen zaidana, eta gustura egiten dut dena.
- Zein da zure ametsa boxeoari lotuta?
Epe laburrerako daukadan helburua da 2019ko Espainiako boxeo txapelketa Soraluzera ekartzea, eta uste dut lortuko dudala. Ez dakit noiz arte jarraituko dudan boxeoan, agian pare bat urtetan utzi egingo dut, baina hemen nagoen bitartean ahal dudan guztia disfrutatzen saiatuko naiz.
- Zein da zure indargunea?
Nerbio handiko neska naiz, eta hori da agian nire indargunea. Askotan neuk ere ez dut jakiten zein izango den emango dudan hurrengo kolpea! Ezin da aurrez jakin zer egingo dudan, eta horrek zailtasunak sortzen dizkio aurrean dudan borrokalariari.
-Telebistan ere ikusi zintugun ETBko El conquistador del fin del mundosaioan. Boxeolari izateak lagundu zizun aukeratua izaten?
Ez dakit. Lagun batek esan zidan kasting-a egiten ari zirela, eta ondo ikusten ninduela programan parte hartzeko. Kasting-era joan nintzen eta aukeratu egin ninduten! Sekula ez nuen programa ikusi! Pentsa, Juanito Oiarzabal zen nire taldeko kapitaina eta ikusi nuenean nor zen galdetu nion. Txantxetan nenbilela pentsatu zuten denek, baina nik ez nuen Juanito ezagutzen! Oso esperientzia ona izan zen, baina gogorra egin zitzaidan. Fisikoki oso jende indartsuak hartzen du parte saio horretan. Ni indartsua naiz, baina nire mailan. Azken batean, nire ezaugarri fisiko antzekoak dituzten emakumeen kontra lehiatzen naiz, eta programan ni baino indartsuagoak ziren neska asko zeuden.
-Elgoibarko kiroldegian ere ibili zinen eskolak ematen.
Bai. Niri betidanik gustatu izan zait kirola egitea, eta kirol asko egin izan dut beti, baina kirola ofizio bezala Elgoibarren ezagutu nuen. Nik denda batean egiten nuen lan, eta tarte horretan kirol begirale titulazioa atera nuen. Ramon Mujikak [Kirol Patronatuko zuzendaria] eman zidan lanerako lehenengo aukera, konfiantza guztia jarri zuen nigan, eta horri esker zabaldu zaizkit gero ate guztiak. Eskerrak eman nahi dizkiot Ramoni ere.