Ixa Rodriguezek ez du titulurik jokoan izango Elgoibarren egingo duen borrokaldian, baina bere asmo eta ametsak bete ahal izateko borrokaldi garrantzitsua izango dela jakinarazi du boxeo jaialdia aurkezteko egin duten prentsa agerraldian. Hasteko, aurkari izango duen boxeolaria zein izango den argitu du: Oksana Romanova (Zaporozhye, Ukraina, 1978). Bi minutuko sei round jokatuko dituzte. Esperientzia handiko aurkaria dela nabarmendu du soraluzearrak. "2011n egin zuen debuta profesionaletan eta eskarmentu handia du, 226 round jokatu baititu 35 bat borrokalditan. Munduko bi txapelketa jokatutakoa ere bada eta Europako beste bi txapelketetan ere lehiatu da". Ixaren entrenatzaile Josu Lopateguik gaineratu duenez, jo handia duten boxeolariak izan ditu aurkari ukrainiarrak "baina gutxik lortu dute KOa bere kontra". Romanovak joan den otsailean egin zuen azken borrokaldia, eta galdu egin zuen. "Bere borrokaldietako zenbait bideo ikusi ditut eta nahiko boxeolari potentea da", azaldu du Ixak. Bere berbetan, borroka on bat egitea eta entrenamenduetan egiten ari dena ringera eramatea dira bere helburuak. "Nire buruan irabazteko gogoa ere badago, noski, baina borrokaldi hau ez da hil ala bizikoa nire ibilbidean, nire helburuetara gerturatuko nauen beste pauso bat gehiago, baizik. Esperientzia handiko boxeolari baten aurka borrokatu eta eskarmentua hartzea da nire asmoa". Eta zein den bere helburua: urtea amaitu aurretik Espainiako Boxeo Txapelketa jokatzea, eta gauzak ondo badoaz, Europakoa gero. "Elgoibarren irabaziz gero, rankinean hobetuko dudala badakit eta Espainiako Txapelketan lehiatzeko hautagaien artean egongo naiz. Orain 44. postuan nago munduko sailkapenean".
• "Gipuzkoan jaiotako estreinako Espainiako eta Europako txapelduna izan nahi dut"
Bere burua ondo prestatuta ikusten du Ixak, konfiantza du bere ahaletan eta ez zaio anbiziorik falta. Bere helburua lortu arte ez duela etsiko dio: "Gipuzkoan jaiotako estreinako Espainiako eta Europako txapelduna izan nahi dut". Orain arte bere buruari jarritako erronka guztiak gainditu dituela dio. "Orain dela urte batzuk ez nuen profesionaletara iritsiko nintzenik pentsatzen, eta ezta ere amateurretan Espainiako txapeldun izango nintzenik ere, baina bata bestearen atzetik borrokak irabazi nituen eta titulu hori lortu nuen". 2015an irabazi zuen. Urte bat lehenago, 2014an, Joana Pastranaren aurka galdu zuen finalean. Egungo munduko txapelduna da Pastrana eta erreferentea emakumezkoen boxeoan. "Madrilen jokatu zuten borrokaldi hori, Pastranaren etxean, eta epaileek etxekoaren alde egin zuten, nabarmen, Interneten dauden bideoetan ikus dezakezuen moduan",esan du Lopategik. Soraluzen egin zuten borrokaldi haren errebantxa eta Rodriguezek irabazi zion Pastranari. "Nagusitaunez irabazi zion Ixak. Gaur egungo Europako txapelduna den Katy Diazi ere irabazi zion amateurretan. Puntako boxeolari on guztiei irabazi die Ixak amateurretan eta profesionaletan errepikatu nahi dugu orain hori. Haiek baino beranduago egin du profesionaletarako jauzia eta denbora berreskuratu nahi du". Elgoibaro borrokaldiaren ostean, Arrigorriagan jokatuko du beste bat soraluzearrak, ekainaren 21ean.
• Emakumezkoen boxeoaren zailtasunak
Ixa Rodriguez Minieuli pisu kategorian lehiatzen da, 47,6627 kilotik (105 libra) 48,988 kilora (115 libra). Elgoibarko borrokaldirako, baina, 50 kiloko muga jartzea adostu dute bi aldeek. Minieuli pisuan 50 bat boxeolari profesional daudela munduan azaldu du Apalategik. "Kopuru txikia da eta borrokaldiak antolatzeko arazo handiak izaten ditugu, izan ere, horietako hogei edo hogeitamarren bat ez daude prest etxetik urrun euren borrokaldiak egiteko. Gu geu ere ez. Nahiago dugu gure ibilbidea etxetik gertu egin, titulu garrantzitsuen alde borroka egiteko aukera ailegatzen zaigun arte. Ixa Rodriguezen azken aurkaria Georgiatik ekarri behar izan genuen eta Ukraniatik etorriko da oraingoa". Non aukeratu gutxi izateaz gainera, horrelako borrokaldiak antolatzea garestia dela dio Lopateguik, are gehiago emakumezkoen boxeoan. "Gizonezkoenean baino diru gehiago jarri behar dugu boxeolari baten ibilbidea osatzeko, aurkariak urrutiagotik ekarri beharrak kostu bat baitauka. Eta titulu garrantzitsuetarako borrokaldiak iristen direnean, diru gutxiago jasotzen dugu. Beste hainbat kiroletan gertatzen den moduan, barregarria da elitean dabiltzan emakume boxeolari profesionalek kobratzen dutena. Laburbilduz, egin beharreko inbertsioa parekoa da gizon zein emakumeetan, baina gora ailegatzen zarenean handia da arrakala", azaldu du Soraboxeko boxeo entrenatzaileak. Elgoibarko Udalak borrokaldia antolatzeko emandako laguntza ere eskertu dute.
• Amateur mailako bost borrokaldi
Ixa Rodriguezen eta Oksana Romanovaren borrokaldia jokatu aurretik, amateur mailako bost borrokaldi ikusteko aukera izango da Olaizaga kiroldegiko kantxan prestatuko duten ringean, 19:30etik aurrera. Hiru minutuko hiru round iraungo ditu bakoitzak. Hona borrokaldiak (*bat zehazteke dago):
- Mikel Cid (Sorabox) versus Dairon Arrozarena (Capap)
- Ousama Hina (Sorabox) Vs Johan Leandro (Logroño)
- Julen Gallastegi (Sorabox) Vs Iñigo Medrano (MGZ-Bilbao)
- Brian Smith (MGZ) Vs Ivan Lacarra (Titobox-Logroño)
Sarrerak 20 euroan salduko dituzte Olaizagako leihatilan eta 15 euroan eskuratu daitezke aurre salmentan. Olaizaga kiroldegian eta Maalako kioskoan erosi daitezke sarrerak Elgoibarren.