Morkaikoren Eguna egingo dute zapatuan, bederatzigarrengoz

Barren.eus 2019ko mai. 8a, 19:31

Elgoibarko Mendi Itzulia, Itzulitxoa eta Finalista Eguna egun berean batu zituen Morkaiko Mendi Taldeak 2011. urtean, Morkaikoren Eguna izenarekin. Aurtengoa, bederatzigarrena, zapatu honetan (maiatzak 11) egingo dute.

Elgoibarko Itzulikoak 6:00etan irtengo dira Kalegoen plazatik, eta 38 kilometroko ibilbidea osatu beharko dute herria inguratzen duten mendiak igo eta jaitsiz. Guztira, 2.000 metro inguruko desnibel positiboa gainditu beharko dute.

Umeek Itzulitxoan parte hartzeko aukera izango dute. 9:00etan irtengo dira Kalegoen plazatik, eta 10:00etan, Idotorbetik. Bigarren aukera hori aukeratzen dutenei ibilgailua Idotorben aparkatzeko eskatu diete antolatzaileek eta ez Aubixa inguruko errepide bazterrean.

Finalista Eguneko dominak banatzeko ekitaldia 13:30ean egingo dute Kalegoen plazan.

Ume zein nagusientzako bazkarik ere eskainiko ditu Morkaikok Elizako arkupeetan, 13:00etatik aurrera nagusiena (paella, gisatua eta postrea), eta 14:00etatik aurrera umeena (pasta tomatearekin eta postrea).

Bazkalostean, 15:00etatik aurrera, umeentzako jolasak egongo dira plazan, Atxutxiamaikakoen eskutik, eta 16:00etatik aurrera zabalduko dute umeentzako rokodromoa. Librean lagako dute lehenik, lehenengo 45 minutuetan. Ondoren, kanporaketa erako saioa hasiko da.

Kirolprobak.com web orria erabiliz izena emateko aukera eskainiko du Morkaikok aurten ere. Elgoibarko Itzulian edo Itzulitxoan izena eman nahi dutenek, erabiltzaile bat sortu beharko dute web horri horretan. Hilaren 10a da era horretan izena emateko azken eguna. 

IZEN EMATEAK:

Mendian ibiltzeko eguraldi gozakaitza izan zuten mendizaleek iaz, 2018ko Morkaikoren Egunean. Hala eta guztiz, eguraldi zakarrari aurre eginez, 200 lagun baino gehiagok amaitu zituzten Elgoibarko Mendi Itzulia eta Itzulitxoa.

 Morkaikoren Eguneko argazkiak eta bideoak

Mendi Itzuliko argazkiak eta bideoak