Elkarrekin Podemos koalizioak Elgoibarrerako proposatu duen alkategaiak, Evaristo Rodriguezek, etxeko lanak ondo eginda aurkezten direla udal hautskundeetara esan zuen. "Ondo ezagutzen ditugu auzoetan dauden arazoak, horietan bizi garelako. Badaukagu aparkaleku arazoaren berri, merkatari txikiek dituzten arazoak ezagutzen ditugu, Merkatu plazakoak dituzten beharrak zein diren, lan faltak sortzen dituen arazoak, askotariko taldeek batzeko lokal faltarekin duten arazoa, gure seme-alabentzat espazio publkoetan leku egoki faltarekin dagoen arazoa, mugikortasun eta irisgarritasunari loturiko arazoak, alokairu garestiek sortzen dituzten arazoak, kultur eta kirol eskaintza falta, ibai eta errekek duten garbitzeko beharra... Elgoibarren dauden arazoekin osatuta dugun zerrenda luzea da, oso. Gauzak aldatu nahi ditugu eta horretarako sartu nahi dugu Udalean, behingoz inork inoiz aldatu nahi izan ez dituen arazo horiei konponbidea emateko. Eta zuen, herritarron, parte hartzearekin egin gura dugu eta erabateko gardentasunarekin jokatuz", adierazi zuen Rodriguezek.
Elkarrekin Podemosen mezuak eta berbak euren probetxurako erabiltzen dituztela gainerako alderdiek gaineratu zuen Rodriguezek. "Maiatzaren 15a eta gero alderdi guztiei bete zitzaien ahoa guk erabili genituen berbekin: herritarren parte hartzea, feminismoa, gardentasuna, eskubide sozialak... baina tentuz ibili behar duzue. Makillaje moduan bakarrik erabiltzen dituzte eurek hitz horiek, aldiz, Elkarrekin Podemos bakarrik dago prest hitz horiek eta esan nahi dutena egi bihurtzeko. Gu herritarrak baikara, gu zuek gara, eta zuekin ahal dugu", esanez amaitu zuen ekitaldia.
Silvia Montes Lopez eta Oscar Ortiz De Lejarazu Elgoibarko zerrendakideek ere hartu zuten hitza ekitaldian, eta baita foru hauteskundeetarako hautagai Tinixara Guanche Suarez, Maivi Eizagirre Ballesteros eta Eukene Arana Varasek ere.