Arredondoko kilometro bertikalean, parte hartzaileek 2,7 kilometroko ibilbidean, batez beste %19ko maldako aldapa igotzen dute Mosquiteru (1.213 m.) mendiaren tontorreraino. Aurtengoan, baina, asteburuan egin zuen euriak eta behelainoak kirolarien segurtasuna arriskuan jartzen zuela-eta, antolatzaileek ibilbidea moztea erabaki zuten eta aurreikusita zegoenaren erdira ekarri zuten. Hala, 1,7 kilometroko ibilbidea osatu zuten parte hartu zuten 235 lagunek.
Emakumezkoetan bi kataluniar izan ziren azkarrenak, Gisela Carrion gailendu zen (25:00.966), eta Alba Xandrik egin zuen bigarren denborarik onena (25:05.130). Morkaiko mendi taldea ordezkatu zuen Ainhoa Lendinezek lortu zuen hirugarren postua, 25 minutu eta 34 segundoko denbora eginda, irabazleak baino 33 segundo gehiago (ikus sailkapenak).
Anemia bat gainetik kendu ezinda dabilen arren, lasterketa ona osatu zuen mendi lasterkari elgoibartarrak. "Egia esan ez nuen espero Giselak eginiko denboratik horren gertu amaitzea", aitortu du. Aurrekoan Buetraitzeko igoeran lortutako garaipenak eta hirugarren postu honek animoak hauspotu dizkiote Zegamara begira. Mendi maratoia ez korritzea erabaki badu ere Aizkorriko kilometro bertikalean lehiatzeko asmoa dauka. Baina hor ez dira amaitzen bere buruari jarri dizkion erronkak, lagun elgoibartar batekin batera Monte Rosa Sky Marathon mendi lasterketa ikusgarian parte hartzeko asmoa baitu, ekainaren 22tik aurrera. Italiako Alpeetan jokatzen den proba hori da Europan altuera garainenean jokatzen den mendiko lasterketa.
Arreondoko probara itzuliz, Joseba Díaz izan zen azkarrena gizonezkoetan. Igoera bertikalen taldekako Espainiako Txapelketaren estreinako edizioa ere jokoan zegoen eta Sestaoko Alpino-Grafsestao taldea gailend zen gizonetan eta A.E. Matxacuca taldea emakumeetan.
∞Lotura duten albisteak: