Altzolako lokal soziala izango denaren irudia zabaldu du EAJ Elgoibarrek

Barren.eus 2019ko mai. 21a, 11:50

Altzolako lokal soziala berritzeko obrari ekingo diote irailean, eta Elgoibarko EAJ alderdiak lokal soziala izango denaren irudiak zabaldu ditu. Era berean, irisgarritasuna hobetzeko neurrien artean, Urazandin dagoen eskailera mekaniko zati bat igogailu batekin ordezkatzeko proiektua aurkeztu dute jeltzaleek.

Bi infograma zabaldu ditu EAJk, Altzolan egin asmo duten lokal sozialaren kanpoaldea eta barrualdea nolakoak izango diren aurreratzen dutenak. Sigmako lokal sozialeko obrak bukatzean, irailean, ekingo diote Altzolako lokal soziala berritzeko obrari, EAJk joan den astean emandako prentsaurrekoan aurreratu zuenez.
"Auzotar guztientzako lokal zabal, irekia eta polibalentea" eraikiko dute, auzoaren erdigunean, "auzotarren elkargune" izateko.

Era berean, EAJk aurreratu du irisgarritasunari lotutako bi proiektu martxan jarriko dituztela hurrengo urteetan. Batetik, igogailu bat jarri nahi dute egun eskailera mekanikoak dauden lekuan, Urazandi auzoan, zubitik gertuen dagoen gunean (beherago zabaldu duten irudia). Bestetik, Errota-berriko eskailera mekanikoak dauden lekuan ere igogailua eraikiko dute.