Hauteskunde kanpainako ekitaldia egin zuen EHBilduk, atzo, Kalegoen plazan. Galiza eta Euskal Herriari buruzko hitzaldia eman zuten Arnaldo Otegi EHBilduko bozeramaile nagusiak, Jon Peli Uriguen Elgoibarko alkategaiak eta urteetan Allarizeko (Galizia) alkate izan den Francisco Garciak. Galiza eta Euskal Herriak historikoki izan duten lotura oinarri hartuta, hango eta hemengo gaiak jorratu zituzten.
Gaurko beste ekitaldi politiko bat iragarri du EHBilduk. Jakinarazi dutenez, Plazara kultur proiektuak zertan datzan azalduko du Jon Peli Uriguenek, EHBilduren hauteskunde programan dagoen “egistamo berritzailea”. Azpeitiko alkate Eneko Etxeberria gonbidatu dute hango kultur ereduari buruz berba egiteko. 19:15ean izango da Kultur Etxeko hitzaldi gelan. EHBilduk barixaku arratsaldean, 19:00etan emango diote amaiera kanpainari, Giza Eskubideen parkean.
Proiektuak aurkezteaz gain, beste zenbait ekitaldi ere egin ditu Elgoibarko EHBilduk aste honetan. Martitzenean, esaterako, EHBilduren eskaerekin eta aldarrikapenekin bat egiten duten pentsiodunek eta erretiratuek bilera egin zuten. Beraien ustez, Udalek ere bermatu ditzakete pentsio duinak, eta gogora ekarri zuten Azpeitiko Udalak pentsio txikienak osatzen dituela. Bestalde, Jaurlaritzako aurrekontuen negoziazioen barruan, EH Bilduk pentsiodunentzat onurak proposatu zituela ekarri zuten gogora; besteak beste, pentsio baxuenak osatzea aurrekontuen bitartez.