Ekainaren 3tik aurrera jaso daitezke Koplaldia eserita ikusteko gonbidapenak

Barren.eus 2019ko mai. 31a, 12:46

Ekainaren 7an, ostiralean, izango da Elgoibarko I. Koplaldia, San Bartolome parrokiaren atzean dagoen bolatokian. Jaialdia doan izango da, baina koplaldia eserita ikusi nahi duenak, astelehenetik (ekainak 3) aurrera izango du gonbidapena jasotzeko aukera.

Elgoibarko Izarrak antolatu du jaialdia, Elgoibarko Udalaren eta Danobat Kooperatibaren laguntzarekin. Elgoibarko Izarrak Ubitarten duen bulegoan eskatu daitezke Koplaldirako gonbidapenak (9:00-14:00 / 16:00 – 18:30), 943 741 626 telefonora deituta edo elgoibarkoizarra@elgoibarkoizarra.eus helbidera idatzita.
Bertsolariak eta koplak izango dira protagonista nagusiak, baina musikarien parte-hartzea ere garrantzitsua izango da. Hauek arituko dira koplatan: Eli Pagola, Aitor Mendiluze, Onintza Enbeita, Miren Artetxe, Maider Arregi, Manex Agirre, Andoni Egaña, Odei Barroso, Aitor Bizkarra eta Uxue Alberdi.

Musikaz, berriz, beste hauek arduratuko dira: Sinuöse Kultur Elkarteko Ander Mujika, Iban Urizar, Jon Gurrutxaga eta Patxi Zabaleta. Koplaldiko irabazleak Aitor Etxeberria artista mendaroarrak Elgoibarko I. Kopladirako propio sortu duen eskultura jasoko du.

Kolaldia 21:30ean hasiko da. Euria egiten badu Elgoibarko I. Koplaldia Gaztetxean izango da.