Sua, udari ongi-etorria egiteko

Barren.eus 2019ko eka. 21a, 14:31

San Joan bezpera egunean makina bat etxe-ondotan ikusiko dira iluntzean su-argiak, eguraldia ere halakoxea iragarri dutelako: beroa. Kalean, hala ere, izendatutako lekuetan baino ezingo da piztu sua. Elgoibarren, Errotaberri zubi ondoan (Sigmako industrialdeko sarreran) eta Alkorta enpresarako bidegurutzean piztu ahal izango dira suak. Altzolan ezin izango dute ibaian surik piztu.

Altzolan urteetako tradizioa dute San Joan bezperan auzoan su handia piztekoa. Oraintsu arte, Deba ibai erdiko lehorgune batean piztu ohi zuten sua, baina ingurumenarentzat kaltegarri zela iritzita, errekan sua egiteko debekua ezarri zien Udalak. Domekan, Altzolako parkean egingo dute sua Bi-Dubi auzo elkarteko gazteek. 

2019 06 21 2016 06 23 san juan sua akelarrea altzola errekan2

 • Akerren segizioa eta makina bat dantza Mendaron
Mendaron ere domekan piztuko dute sua. Indar handia hartu du azkeneko urteotan San Joan bezperako jaiak. Gaztelekuak, Udalekuak eta Mendaroko Udalak antolatzen dute jaia, elkarlanean eta herriko Euskal Dantza taldekoekin lankidetzan. 22:00etan hasiko da jaia, iluntzearekin batera. Trinitatetik jaitsiko da Akerren segizioa, danbor hotsek lagunduta. Segizio horretako kideek ekarriko dute sua eta eurek piztuko dute plazako su handia. Aurrez, baina, musika eta dantza emanaldiak izango dira. Adar-soinuekin hasiko dute ekitaldia, eta ondoren, euskal dantza taldekoek agurra dantzatuko dute. Ez da gaueko dantza bakarra izango. Gaztelekuko bi taldek eta ludotekako haurrek dantza saio bana egingo dute, baita euskal dantza taldekoek ere. Herriko perkusio talde batek ere parte hartuko dute jaian. Ludotekako erabiltzaileen gurasoek, gazte asanbladako kide batzuek eta herriko beste hainbat lagunek osatzen dute perkusio tailerreko taldea, eta astean zehar hainbat entsegu egin dituzte domekarako. Sua piztuko dute ondoren, eta Haritz Euskal Dantzari Taldeko Gaizka Uranga elgoibartarrak aurreskua dantzatuko du suaren aurrean. Sua itzaltzean, Ameikutz musika eskolako umeen abesbatzak kantatuko du, eta buruarinak, Aker berria (Hiru metrokoa) eta herriko erraldoiak dantzara irtengo dira plaza erdira.

2019 06 21 2017 06 23 mendaro sanjuanak saltoa 1