Kirola kalera, Elgoibar Europako Kirol Herria dela ospatzeko

Barren.eus 2019ko eka. 22a, 12:07

Kirola kalera atera dute gaurkoan, Elgoibar Europako Kirolaren Herria dela ospatzeko. Herriko kirol taldeek eta eragileek hartu dituzte herriko txokoak, eta era guztietako kirol erakustaldiak egin dituzte. Eguraldia lagun, kirol festa izan da gaurkoan Elgoibarko kaleetan.

Herriko kirol klubekin elkarlanean antolatu du Udal Kirol Patronatuak gaurko eguna. Herritar ugari irten da kalera, eta denek izan dute kirolen bat praktikatzeko aukera. Xakea, txirrindularitza, karatea, futbola, eskubaloia, eskalada, pilota, tenisa, arku tiraketa... denetarik izan da. Kalebarren plazan Herri Kirolen erakustaldia antolatu dute, eta ikusmin handia sortu du, bereziki, Ernesto Ezpeleta Bihurri eta Alex Txikon mendizale ezagunaren arteko desafioak. 

Eguna amaitzeko, Europako Kirol Herriaren ikurra izan den banderarekin krosa egin dute herriko kaleetan.