Gaur hasi dira udalekuak Elgoibarren eta Mendaron, eta uztailaren 19ra bitartean hainbat jarduera izango dituzte umeek. 2 eta 12 urteko umeentzako eskaintza prestatu dute, eta adin tarte bakoitzari bere neurrirako jarduerak antolatu dizkiete. Goiz pasak egingo dituzte, tailerrak, ur jolasak, eskulanak... Denetarik izango dute umeek, aisialdiaz gozatzeko. Elgoibarko eskaintza Atxutxiamaikak eta Udal Ludotekak (Zehar, Heziketa eta Programak elkarteak) antolatu dute elkarlanean, eta Mendarokoa, aldiz, Udalak antolatu du, baina Atxutxiamaikaren bidez kudeatuko du.
Elgoibarko aisia eskaintza, baina, harago doa, eta nerabeentzako programazioa ere prestatu du, Gaztelekuak. 13 eta 17 urte bitartetako nerabeentzako eskaintza prestatu dute, eta besteak beste, ondorengo ekintzak egingo dituzte: scape room, egun pasak, egonaldiak, kamisetak egiteko tailerrak... Aurten ere, Tamariten (Tarragona) astebeteko egonaldia egingo dute, eta 40 bat lagunek eman dute izena.