June Loidi Iberdrola Ligako 'All Star Team' osatzeko hautagaien artean

Barren.eus 2019ko eka. 25a, 12:14

Espainiako Eskubaloi Federazioak Iberdrola Ligan jokatzen duten jokalari onenekin osatuko du All Star Team edo izarren taldea. Hautagaien zerrenda zabaldu dute eta arlo bakoitzean jokalari gogokoenaren alde bozkatzeko aukera izango da sare sozialen bidez. June Loidi elgoibartarra bi sari lortzeko hautagaietako bat da, defentsa onena eta jokalari hasiberri onenaren sarietarako.

Iberdrola Ligako klub bakoitzak hiru izen eman ditu, arloz arlo, eta Espainiako Eskubaloi Federazioak horien alde bozka emateko hainbat bide ireki ditu, uztailaren 1era bitartean: Federazioko aplikazioak botuen %60a suposatuko du eta Twitter, Facebook, Instagram eta YouTube plataformek, aldiz, %10na. Botoa emateko sartu www.rfebm.com helbidean.
Hotel Gran Bilbao Prosetecnisa Zuazo Barakaldoko eskubaloi taldeko hiru jokalari daude hautagaien artean, tartean June Loidi. Batetik, defentsa onena izateko hautagaien artean dago Loidi. Elisabet Cesáreo (Aula Alimentos de Valladolid) eta Nekane Terés (Super Amara Bera Bera) izango ditu aurkari defentsa onenaren izendapena lortzeko bozketan. Eta, bestetik, jokalari gazte onenaren saria eskuratzeko hautagaia ere bada elgoibartarra, María Palomo (Helvetia Alcobendas) eta Rocío Rojas (Balonmano Morvedre) jokalariekin batera.
Hamaika sari banatuko dituzte guztira. Joko posizio bakoitzari dagokion zazpi sariez gainera, defentsa onena, jokalari gazte onena, entrenatzaile onena eta Ligako jokalari onenaren saria.

∞Lotura duten albisteak: