Zabalik dago robotika tailerrean izena emateko epea

Barren.eus 2019ko eka. 26a, 15:40

Datorren ikasturtean ere robotika tailerra jarriko du martxan Elgoibarko Udalak, eta dagoeneko zabalik dago izena emateko epea. Tailer hauetan, 7 eta 10 urte arteko haurrek hartu dezakete parte.

Eskolak barixakuetan izango dira IMHn, 17:00etatik 19:00etara, eta ikasle bakoitzak hilean 36 euro ordaindu beharko ditu (Elgoibarkoak ez direnak, 66 euro). Udalaren helburua industria sustatzea da, teknologia sektorerako profesionalak prestatuz. Doplay enpresarekin elkarlanean antolatu dute tailerra, eta modu dibertigarrian landuko dituzte gaiak. Robotak diseinatzeko, eraikitzeko eta programatzeko, bideojokoak sortzeko eta asmakuntza teknologikoak garatzeko teknikak landuko dituzte, besteak beste. Urriaren 4an hasiko da ikasturtea. Interesatuek http://bit.ly/robotikaelgoibar helbidean eman dezakete izena, irailaren 30era arte.