• Orain dela zazpi urte kolpera aldatu zen zure bizitza. Nola izan zen?
Mendian izan zen. Motorrean ibiltzera irten ginen lagunak, eta zuhaitz bat
erori zitzaidan gainera. Badirudi tximista batek edo jo ziola aurrez, eta erdi ustelduta zegoela. Eguraldi txarra egiten zuen egun hartan, eta haize bolada bortitz
batek zuhaitza bota egin zuen. Denok pasatu ginen handik, baina ni harrapatu ninduen. 23 urte nituen. Kolpe gogorra izan zen. Konortea galdu nuen, eta lagunak
berehala konturatu ziren ez zela broma. Helikopteroan eraman ninduten ospitalera.
• Nolakoa izan zen errekuperazioa?
Oso-oso gogorra. Hezur-muineko lesio bat daukat, eta horren ondorioz, gerritik behera elbarri nago. Lesioa, gainera, nahiko goian daukat, eta horren eraginez, ez daukat sabelean ere apenas muskulurik. Beste batzuk hezur muineko lesioa izan arren, zutik egoteko ahalmena dute sabeleko muskulazioari esker, baina ni ezin naiz zutik mantendu. Denbora pila bat egin nuen ospitalean. Hilabete inguru koman egon nintzen, eta gero beste bederatzi hilabete ingresatuta. Lehenengo hiru hilabeteak Gurutzetako ospitalean, eta gero, beste sei bat hilabete Bartzelonan. Urte gogorra izan zen, bai niretzat, bai senideentzat eta baita lagunentzat ere.
• Noiz jakin zenuen ezingo zenuela berriz ibili?
Ohean nengoela igartzen nuen, eta medikuek esan aurretik banekien zer zetorren. Gogorra izan zen, baina aurrera egin behar nuela pentsatu nuen. Bartzelonako ospitalean egin nuen errehabilitazioa, eta han erakutsi zidaten eguneroko gauzak nola egin behar nituen.
• Zure egoeran besteren batek motorra betirako aparkatuko luke, baina zuk berriz motorrean ibili nahi zenuen.
Bai, ospitalean nengoela hasi nintzen informazio bila. Istripua baino lehen motorrean ibiltzea gustatzen zitzaidan, eta ondoren ere bai. Motorra da nire pasioa; hori gustatzen zait, eta nola edo hala, hori lortu nahi nuen. Motorrerako zaletasun honek lagundu dit psikologikoki nire egoerari buelta ematen. Ez nekien lortuko nuen berriz motorrean ibiltzea, baina argi neukan ahalegin guztia egingo nuela hori lortzeko. Asko kostatu zitzaidan motorra prestatzeko informazioa aurkitzea. Oso jende gutxi dago nire egoeran motorrean ibiltzen dena, eta ez dago informazio askorik. Espainian bakarra ezagutzen dut, eta hori behin baino gehiagotan Espainiako txapelduna izan da motokrosean, eta horregatik, babesleak eta laguntzak ditu motorra bere beharretara egokitzeko. Baina nik ez daukat ezer. Interneten ibili nintzen begira, bati eta besteari galdetzen, eta azkenean, lagunen laguntzaz, motorra niretzako egokitzea lortu dugu.
• Zein berezitasun ditu zure motorrak?
Motor normala da, baina egokitzapen batzuk egin dizkiogu. Alboetan burnizko barra batzuk jarri dizkiogu, erortzen banaiz, babesteko. Bestetik, motorrek frenoa eta kanbioak hanketan edukitzen dituzte, eta nik eskuekin aldatzeko moduan jarri dizkiot, manillarrean. Hori lortu arte proba pila bat egin behar izan ditugu. Jarlekua ere berezia da, bestela erori egingo nintzatekeelako. Kart baten jarlekua da, eta nire gorputza lotzeko sistema bat jarri diot, bestela erori egingo nintzatekeelako.
• Eta nola moldatzen zara motorrera igo eta jaisteko?
Bi lagunen artean igo eta jaisten naute, eta motorra arrankatzeko ere laguntza behar izaten dut. Nik bakarrik ezin dut. Motorrean ibiltzera beti joaten naiz lagunekin. Lagunak furgoneta dauka, eta bertan eramaten dugu motorra, eta beraiek laguntzen didate. Oso lagun onak ditut, eta eskerrak eman nahi dizkiet.
• Non ibiltzen zara motorrean?
Urte asko egon naiz motorrean ibili gabe, asko kostatu zaidalako motorra prestatzea. Orain dela urtebete inguru hasi naiz berriz. Orain ezin naiz mendian ibili, arriskutsua da, mendiko lurra oso irregularra delako. Zirkuitoetan ibiltzen naiz bereziki, ondo prestatuta daudelako. Gustatuko litzaidake egunen baten motokross lehiaketaren baten parte hartzea, baina badakit oso zaila dela. Maila handia daukate pilotuek, eta ez nago haiekin lehiatzeko moduan. Ez dago elbarrientzako motokros txapelketarik, beraz, txapelketa nagusian lehiatu beharko nuke, eta fisikoki ez nago maila horretan. Gainera, dirua ere beharko nuke, kirol hau oso garestia da-eta. Ondo egongo litzateke babesleren bat aurkitzea, baina ez da erraza.
• Zer sentitu zenuen berriz motorrean ibili zinen lehenengo aldian?
Sekulakoa izan zen. Ezin dut hitzekin azaldu motorrean ibiltzeak sortzen didana. Munduan dagoen onena izan zen momentu hori. Azelerazioa eta abiadura berriz sentitzea izugarria egin zitzaidan, baina lehenengo jauzia egin nuenean sentitu nuena itzela izan zen. Hainbeste lan egin ondoren, berriz motorrean saltoak egitea izugarria da. Esan dezaket lehengo sentsazioak berreskuratu ditudala, eta oso pozik nago. Uste nuena baino hobeto ikusi nuen nire burua. Nik erakutsi nahi dut zerbait gustuko dugunean, posible dela lortzea. Niri motorra gustatzen zait, eta lan handia egin ondoren, lortu dut berriz motorrean ibiltzea.
• Motorrean ibiltzeaz gain, eskiatzera ere joaten zara, eta hegazkinetik ere salto egindakoa zara. Abentura gustuko duzu, ezta?
Bai, bai gustatzen zait. Bizikletan asko ibiltzen naiz, eta eskiatzera ere joan izan naiz. Kirola egiteak laguntzen dit sasoian eta indartsu egoten, eta hori oso garrantzitsua da nire egoeran. Egin ahal ditudan gauzak egitea gustatzen zait. Beste modu batean egiten ditut, baina nire egoerak ez nau behartu etxean gelditzera. Paratxutarekin salto ere egin nuen Madrilen, eta lur hartu nuen unean nire neskalagunari nirekin ezkontzeko eskatu nion. Baietz esan zuen! Oso polita izan zen.
• Nola aldatu du istripuak zure eguneroko bizimodua?
Bizitza normala egiten dut, orokorrean. Istripuaren ondoren lana utzi behar izan nuen, hori bai. Lantegi batean egiten nuen lan, makina batean. Zutik egiten nuen lan, eta orain ezin naiz zutik egon, beraz, utzi egin behar izan nuen. Mekanizatua ikasi nuen nik, eta horrek zutik lan egitea eskatzen du, beraz, beste zerbait ikastea pentsatu nuen, nire ikasketekin ezingo nuelako lanik aurkitu. Txakurrak asko gustatzen zaizkit, eta txakurrekin zerikusia duen zerbait egitea pentsatu nuen. Txakurrak hezteko titulua atera nuen. Oinarrizko titulua daukat, eta oraindik ez dut txakurrik hezi. Horretarako beste espezializazioren bat behar dut, eta badaukat asmoa zerbait gehiago ikasteko.
• Nola moldatzen zara orain zure eguneroko bizitzan?
Ondo, denerako autonomoa naiz. Emaztearekin batera etxea erosi dugu, eta biok elkarrekin bizi gara orain. Eguneroko gauza guztiak nire kabuz egiten ditut. Istripuak erakutsi dit egunetik egunera bizi behar dela, etorkizunerako planifikazio handirik gabe, ez dakigulako bihar hemen egongo garen edo ez. Nik bizitza bizitzeko asmoa daukat, ahal dudan gehien motorrean ibiliz eta gozatuz. Etxekoei eskerrak eman behar dizkiet egoera guzti honetan ni beste sufritu dutelako, eta uneoro euren babesa eman didatelako, eta baita lagunei ere. Istripua baino lehen beraiekin ibiltzen nintzen motoan, eta orain ere bai. Beti dauzkat inguruan laguntzeko, benetako lagunak dira, eta alde horretatik zorte handia daukat.