Udalak parte-hartze prozesua bideratu du, iaz hasitako bidetik, herritarrek ekarpenak eta proposamenak egin ditzaten, hartara, San Bartolome jaietako egitaraua prestatzen laguntzeko. Jende askok parte hartu ez duen arren, hilero egin dituzten bileren dinamika eta giroa aberasgarria izan dela nabarmendu du Andrea Arriola Kultura zinegotziak. "Halako bileretara doan jendeak eskaera konkretuak egiten ditu normalean, talde hau edo bestea ekarri eta horrelakoak. Aurten, baina, hausnarketarako bidea eman diguten gaiei buruz eztabaidatzeko aukera izan dugu. Emakumeek jaietan duten parte hartzeaz eta aniztasun funtzionala duten lagunen beharrak ere aztertu ditugu", adierazi du Arriolak. kolektibo eta herritar ugarirekin hilero egindako bilera horiei esker, eta herritarren eskakizunak kontuan izan ondoren, “egitarauan hainbat berrikuntza egin ditugu herritarren premiei erantzuteko” gaineratu du Ane Beitia alkateak sanbartolomeetako egitaraua aurkezteko ekitaldian. Beitia eta Arriolaz gainera, Blanca Salegi eta Idoia Uribarri teknikariek ere hartu dute parte agerraldian..
• Aniztasun funtzionala duten pertsonentzako jaiak
Izan ere, “gogor jardun dugu aniztasun funtzionala duten pertsonei ere jarduera-egitarau zabal batez gozatzeko aukera emango dieten jaiak prestatzeko. Hala, jaietako ekintza batzuetan, hainbat neurri hartu dira, besteak beste: leku berezia gordeko da mugikortasun murriztua duten pertsonentzat; egunean bi orduz, barraketan ez da musikarik izango; eta azkenik, Lekueder parkea buruhandirik gabeko gunea izango da” azaldu du Beitiak. Etxeetan banatuko duten jaietako egitarauan ikur berezien bidez (piktogramak) emango da berrikuntza horien berri; eta, era berean, entzuteko gaitasun murriztua duten pertsonentzat egokiak diren ekitaldiak adieraziko dira ikur baten bidez.
Aniztasun funtzionala duten pertsonak zarata, argi edo musika altuekiko hipersentsibilitatea izan ohi dute, eta barraken moduko eremuetan oso urduri jarri ohi dira, “arratsaldeko 18:00etatik 20:00etara, ez da musikarik izango tiobibo edo barraketan. Neurri honen bitartez, entzumen hipersentsibilitatea duen edozein pertsonak eremu horretan egongo diren atrakzioez gozatzeko aukera izango du. Jaiak eta herriko eremu guztiak denontzako izatea nahi dugu, eta neurri txiki honen bitartez, uste dugu, lortuko dugula gune hau, jaietako gune esanguratsuetako bat dena, Elgoibarko bizilagun guztientzat izatea, bai haurrentzat, bai gazteentzat, eta nola ez, helduentzat; hartara, atrakzioetara igotzea gogoko duten pertsonentzat, bertan dagoen zarata horretako oztopo izan ez dadin”, adierazi du Andrea Arriola kultura batzordeburuak. “Neurri hauek guztiak xinpleak bezain esanguratsuak direla uste dugu. Festetan ere inklusiboak izan behar dugu. Ekintza honen bidez, errealitate bati egingo diogu aurre eta guztiok kontzienteago izango gara aniztasun funtzionala duten pertsonek eta beren familiek dituzten zailtasunen inguruan”, adierazi du Arriolak.
Prebentzio guneak
Ongizate eta Berdintasun Sailek Maalan eta Bolatokiko parkean prebentzio guneak jarriko dituzte. “Sanbartolomeak errespetuz, bakean, segurtasunez eta arduraz gozatu nahi ditugu” adierazi dute sailetako arduradunek. Gauzak horrela, prebentzio guneetan alkohol eta drogen inguruko informazio emateko guneak egongo dira eta sexu erasoen prebentziora dedikatutako beste bat:
- Botiltzarra programa: nerabe eta gazteen alkohol kontsumoari loturiko arrisku murrizketa programa. Abuztuak 23, 20:30-00:30, herrian zehar.
- Substantzien inguruko informazio eta testing gunea. Abuztuak 23, 22:30-01:30, Bolatokian. Abuztuak 31, 23:30-03:00, Maalan.
- Alkoholimetria gunea. Alkoholaren kontsumoaren inguruko informazioa eta arrisku murrizketa adin guztietako pertsonentzat. Abuztuak 31, 23:30-03:00, Maalan.
Beldur barik gunea: Sexu erasoen prebentzio gunea.
- Abuztuak 23, 22:00-01:00, Kalegoen plazan.
- Abuztuak 30, 22:00-01:00, Maalan.
- Abuztuak 31, 22:00-01:00, Maalan.
• Mauxitxa txarangak botako du aurtengo txupina
Aurten 50. Txiki eguna ospatuko duen Mauxitxa txarangak botako du jaiei hasiera emango dion txupina. Urte hauetan, txarangak lan bikaina egin du udalerriko jai eta ekitaldi bereziak alaitzeko. Jada ohikoa den bezala udaletxeko balkoitik botako da abuztuaren 23an 13:00etan. Txupinazoa eta kanpai jotzearen ondoren, Mauxitxa txarangak, Kalebarren plazatik irtengo den kalejira hasiko du, jai-egunei hasiera emanez. Abuztuaren 24an San Bartolome egun Nagusia ospatuko da. Abuztuaren 25ean eguna jubilatu eta umeei dedikatuta egongo da eta 26an Txiki Eguna ospatuko da. Bestalde, 30ean Gazteen Eguna izango da eta azkenik, 31, Baserritarren Eguna.
• Kontzertuak, ikuskizun eszenikoak eta ehundik gora ekimen
Programazioari dagokionez, beste urte batez, ehundik gora ekimen izango direla nabarmendu dute agintariek, eta Udalak lehenengo mailako ikuskizun eszeniko eta musikalak antolatu dituela. Kontzertuen artean, nabarmentzekoak dira, beste batzuen artean, Mafalda, Esne Beltza, The Etta James Experience, Noa Voll Damn eta Puro Relajo. Kontzertuez gain, Elgoibarko Udalak esfortzu berezia egin du bestelako ekintzak antolatzeko, hala nola ikuskizun eszenikoak Aukeran dantza taldea eta Malas Compañíasen eskutik edota Moto trial show, goitibeherak eta Drift Trike, Skate erakustaldiak eta abar luze bat.
Azkenik Ane Beitia alkateak bere esker onik zintzoena erakutsi nahi izan die jaiak posible egiten duten pertsona, elkarte eta taldeei “hau guztia ez litzateke posible izango, beraien laguntza paregabea eskainiko ez baligute”. Halaber, elgoibartar eta bisitariak egun zoriontsu batzuk igarotzera gonbidatu ditu.
- Hona hemen 2019ko San Bartolome jaietako EGITARAUA -PDF-