Kiko Galvan txirrindulari kataluniarra gailendu da Etxaniz Memorialean

Barren.eus 2019ko abu. 23a, 12:42

Francisco Galvan Fernandez (Lliça d'Amunt, Barcelona, 1997) txirrindularia gailendu da 23 urtez azpiko afizionatu mailako txirrindularientzako lasterketa prestigiotsuan -Lehendakari Txapelketarako puntuagarria da-.

Irabazlea, Lizarte taldeko Kiko Galvan txirrindularia, ihes eginda ailegatu da Pedro Migel Urruzuno kalean zegoen helmugara. Bere taldekide bat, Alex Jaime (Sarria de Ter, Girona, 1998) izan da bigarren, Galvanengandik zazpi segundora. 29 txirrindulariko tropeleko esprinta irabazi du Jaimek. Honenbestez, txirrindulari kataluniarrak nabarmendu dira aurtengo edizioan, 73.ena. Iker Ballarin (Laboral Kutxa) txirrindulari arabarra sailkatu da hirugarren postuan. Taldeka Lizarte taldea izan da onena eta Imanol Alvarezek (Laboral Kutxa) jaso du herritar onenaren saria. Sailkapen nagusiko 43. postuan sailkatu da. Guztira 143 txirrindulari lehiatu dira 111,3 kilometroko ibilbidean. Irabazleak 41.053 kilometro orduko batez bestekoarekin osatu du proba.

Gure Bide elkarteak antolatzen du lasterketa eta aurten ere Lehendakari Txapelketarako proba puntuagarria izan da, eta baita Udako Kriteriumerakoa ere. Azken proba horretan horretan, Asier Etxeberria (Laboral Kutxa) da liderra bi proba jokatu eta gero. Bihar erabakiko da irabazlea, Gernikan jokatuko duten lasterketan, Udako Kriteriumeko hirugarrena eta azkena izango baita.

  ARGAZKIAK

2019 08 23 sanbartolomeak elgoibar etxaniz memoriala