Euskal Herriko hamasei adituk aztertuko dute Elgoibarren euskarak inguru digitalean duen presentzia eta eragina

Barren.eus 2019ko ira. 9a, 12:22

Zergatik egon behar du euskarak ingurune digitalean? Badago euskara ingurune digitalean? Ezagutzen eta sozializatzen dugu ingurune digitalean daukaguna? Burujabetza digitala: nola eta zertarako?... galdera horiei eta beste batzuei erantzutera etorriko dira hamasei aditu aurtengo Euskara ala ezkara zikloan.

Izan ere, mundu digitalean zentratuko da aurtengo zikloa, eta mundu horretan arituak eta adituak diren hamasei lagun gonbidatu dituzte egun osoko jardunaldian parte hartzera. Urriaren 5ean izango da, 9:30ean hasi eta 17:30ak arte, Elgoibarko IMH ikastetxean. 

Jardunaldiko osagaiak asko eta askotarikoak izango direla zehaztu dute Elgoibarko Izarra Euskaltzaleon Topaguneko arduradunek. "Musika izango dugu esnatzeko, hitzaldiak ere izango dira, poesia apur bat, mahaingurua, pintxo-bazkaria, musika-kontzertua...", esan dute.

Aurtengo zikloa Elgoibarko Izarra Euskaltzaleon Topaguneak, Elgoibarko Udalak eta puntu.EUS fundazioak antolatu dute elkarlanean. Laguntzaileei dagokienez, berriz, DanobatGroup taldearen diru-laguntza jaso du ekimenak, eta IMH ikastetxeak antolatzaileen zerbitzura laga ditu eraikina eta bertako baliabideak.
Gotzon Garate euskaltzale eta idazle zenaren oroimenez antolatzen duten Euskara ala ezkara zikloak hamaika urte beteko ditu aurten.

Hona aurtengo programa edo egitaraua:
 • EGITARAUA:

  • 9:30 Ongi etorri Elgoibarrera!
  • 9:45 Esnatzeko! Jokin Trikitixa
  • 10:00 Zergatik egon behar du euskarak ingurune digitalean? Josu Waliño
  • 10:30 Bagaude ingurune digitalean?
    ♦ Euskara badago? Ainhoa Arregi
    ♦ Eta euskal kultura ? Josu Landa

  • 11:30 Kafea eta pastak
  • 12:00 Sozializatzen dugu ingurune digitalean daukaguna?
    ♦ Zergatik da garrantzitsua daukaguna sozializatzea ? Harkaitz Zubiri
    ♦ Euskara sarean. Marka berria. Angeriñe Elorriaga

  • 13:00 Mahaingurua: Burujabetza digitala: nola eta zertarako? Leire Palacios, Asier Garaialde, Gorka Julio eta Xabier Landabidea.
  • 13:45 Baliabide teknologikoak euskararen eta kulturaren heziketa arautuan: Imanol Epelde
  • 14:15 Pintxo-bazkaria
  • 15:30 Txantxangorria kantuan ! Gabi de la Maza
  • 16:00 Euskarazko Kode Poesia Laborategiaren aurkezpena: Manex Garaio eta Bertol Arrieta
  • 16:30 Mauriziak ez dau inor hil ! (kontzertua) Ines Osinaga eta Lorea Argarate
  • 17:30 Amaiera!

 

∞Lotura duten albisteak