Elgoibarri buruz gutxik jakingo zuten Koldo Lizarralde Elberdinek beste. Historialaria eta etnografoa zen, behatzaile fina, baina batez ere, herria egiten dutenetakoa zen. Jose Migel Barandiaran antropologo, etnografo eta apaizak (Ataun, 1888-1991) Euskal Herriko ohituren eta bizimoduaren berri jasotzeko sortutako Etniker taldeetako kidea zen, eta Euskal Herriko Kulturaren Atlas Etnografikorako landa lana egin zuen Elgoibarren, 1988az geroztik. 1989. urtetik, gainera, Eusko Ikaskuntzako kide ere bazen. Euskal Herriko gizarte-erronkei erantzun globalak eta bateratzaileak emateko sortu zuten Eusko Ikaskuntza Arabako, Bizkaiko, Gipuzkoako eta Nafarroako Foru Aldundiek, 1918an, eta kezka hori bere egiten zuen Lizarraldek. Era berean, Erroten Kontserbaziorako eta Ikerketarako Elkarteko (A.C.E.M.) kidea ere bazen, 1998az geroztik, eta makina bat artikulu idatzi zituen, Atlas Etnografikorako, Euskalerriaren Adiskideen Elkartearen Buletinerako, Eusko Ikaskuntzako Sailetako Koadernoetarako edota Elgoibarko jaietako aldizkarirako, besteak beste.
• Blanca Salegi: "Eskerrik asko, Koldo, eman didazun guztiagatik eta Elgoibarri utzi diozun legatuagatik"
Argitaratu zituen liburuak ere asko dira. Azkena iazko abenduan plazaratu zuen: Club Deportivo Elgoibar 1917-2017. Urteak egin zituen ikertzen eta ikertutakoa dibulgatzen, eta egiteko horretan harreman estua izan zuen azkeneko hogeita hamar bat urtean Blanca Salegi Elgoibarko Kultura teknikariarekin. Eta ez du ahazteko Salegik. “1990. urtean argitaratu zenuen Convento de San Francisco liburua, eta geroztik sarri bildu ginen. Zure liburuek eta jaietako egitarauan argitaratzen zenituen artikuluek markatzen zuten gure bileren maiztasuna. Inurri bat bezalakoa zinen, artxiboan sartuta beti, jaso ezean galdu egiten den informazio horren bila, betirako ahazturan gelditzen den horren bila. Historiaren erreskatatzailea zinen. Espazio faltagatik artikuluak mozten nizkizun nik, eta haserretu egiten zinen zu, baina azkenerako beti iristen ginen akordiora. Bake gizona zinen”, idatzi dio Salegik agur-idatzian. Lizarralderen jakintza eta laguntzeko prestutasuna azpimarratu ditu Salegik. “Kaleren bati izenen bat eman behar zitzaionean ere, beti zeneukan proposamen bat, toponimoren bat: Jausoro, Basarte, Kurutzelaegi... [...]. Eskerrik asko, Koldo, eman didazun guztiagatik eta Elgoibarri utzi diozun legatuagatik”.
• Zenba ezin artikulu eta liburu
Eta handia da idatziz utzitako legatua. Zenba ezin beste artikulu eta dozenatik gora liburu: El convento de San Francisco (1989), Apuntes etnográficos de Elgoibar 1. parte (1994), Elgoibar, los trabajos y los siglos (1995), El hospital de San Lázaro y la ermita de la Magdalena (1995), Fiestas populares de Elgoibar (1996), Apuntes etnográficos II. Ritos de pasaje (1997), Elgoibar dantzan (1999), Las ermitas de Gipuzkoa (2000), Elgoibar y sus molinos (2001), El viejo frontón de Kalengoien 1751-2003. Apuntes de la historia de la pelota en Elgoibar (2003), Gure Bide Elkartea 1959-2009; eta azkena: Club Deportivo Elgoibar 1917-2017 (2018)...
|
• Herrigintzari egindako ekarpena
Beste ezeren gainetik, baina, militantea zen Koldo Lizarralde. Herriko hainbat kultur eta kirol elkarte eta taldetan ibili zen lanean, eta haren lanerako prestutasuna eta eskuzabaltasuna nabarmendu dituzte ezagutu zuten guztiek, bai eta geuk ere, BARRENek eskatu bestetan eman ziolako Lizarraldek bere onena proiektu honi, beti eskuzabal. Gure Biden, Trinitateetako danborradan, C.D. Elgoibarren, Haritz Euskal Dantzari Taldean, Altzolatarren Dorretxea Zigilu Elkartean, Parrokiako abesbatzan, Etxegina santa eskeko taldean, Kale Kantariak taldean... arrastoa laga du Lizarraldek.
• Juan Mari Iriondo: “Inurri lana egin du guretzat"
C.D. Elgoibarren Mendeurreneko Batzordean, esate baterako, buru-belarri aritu da azkeneko lau urte pasatxoan Lizarralde eta Juan Mari Iriondo batzordekideak hitz onak baino ez ditu lagunarentzat. “Inurri lana egin du guretzat. Konta ezin beste ordu eman ditu artxiboetara joan-etorrian, eta berak bakarrik egin zezakeen lana egin du. Batzordean beti egon da lanerako gogoz, laguntzeko prest. Gizon langilea izan da Koldo, hitzekoa, eskuzabala, gertukoa eta alaia. Batzordean, liburua idazteko ardura eman genion berez, baina bere beharra izan genuen guztietan erantzun zuen, libururako lanekin eta etxeko ardurekin gainezka ibili arren. Klubean, baina, ez zuen bestelako ardurarik izan sekula, nik dakidanez”. Estimutan zuen, hala ere, C.D. Elgoibarren familiak. “Egindako lan izugarria aitortu eta gure esker ona agertu baino ezin dugu egin”, esan du Jon Basurto presidenteak.
• Jose Mari Etxaniz: "beti jotzen genuen berarengana galdezka"
Hain zuzen ere, C.D. Elgoibarren mendeurrenaren harira kolaboratu zuen azkenekoz Altzolatarren Dorretxea Filatelia Elkartearekin ere, iaz. “Urtero herriko elkarte edo gairen bat omendu ohi dugu zigilu erakusketan eta beti jotzen genuen berarengana galdezka. 2016an, San Bartolome parrokian lehenengo meza eman zuteneko 300. urteurrenari buruz idatzi zigun, 2010ean, Udal Musika Bandaren 125. urtemugari buruz eta 2009an, Zubi Ondo eta Gure Bide elkarteen 50. urtemugen inguruan. Sekula ez zigun Koldok ezetzik eman”, gogoratu du Jose Mari Etxaniz elkarteko buruak.
• Manu Konde: "Lagun maitagarri bat galdu dut"
Gure-Bide elkarteko bazkide zen Koldo Lizarralde. San Bartolome bezperan jokatu ohi den Etxaniz Memoriala txirrindulari lasterketako antolakuntza taldekoa zen, eta makina bat ordu eman izan zituzten elkarrekin Manu Condek eta biek. “Lagun maitagarri bat galdu dut. Koldoren heriotza galera handia da Elgoibarrentzat. Inork ez dizu bestelakorik esango”, dio. Gure Biden, San Bartolome parrokiako abesbatzan eta Etxegina santa eskeko taldean elkarrekin ibili dira urteetan Lizarralde eta Conde, eta hunkituta hitz egin du. “Hartueman handia geneukan, eta gurean, etxekoa zen. Koldorekin dena zen erraza. Edozer gauzari heltzen zion, laguntza eskatuz gero. Gizon arduratsua zen, eta oso-oso metodikoa lanean. Etxaniz memorialeko ibilbidean aldaketaren bat egin behar genuela esan eta ez zuen ibilbide osoa errepasatu arteko onik izaten. Dena ondo zegoela ziurtatu behar zuen. Gipuzkoako Txirrindularitza Federaziora ere makina bat ostera egin genituen elkarrekin, eta paper artean zenbat ordu ez ote ditu pasa! Gizon jakintsua zen”.
• Nieves Liola: “Ausarta zen, beti aurrera egiten zuena"
Parrokiako abesbatzan egin zuen lagun Nieves Loiola abesbatzakideak. Haren kanturako afizioa eta “ikasteko gogo bizia” nabarmendu ditu Loiolak. “Ausarta zen, beti aurrera egiten zuena, eta hori abesbatza batean oso garrantzitsua da, kikiltzen denak ez duelako bere ahotsaren onena ematen”, gehitu du.
• Anabel Irusta: "Kale Kantarion talderako pieza ezinbestekoa zen"
Kantuak bizi zuen Lizarralde, eta ahal zuen guztietan irteten zen kalera kantura Kale Kantariak taldekoekin ere. Hunkituta hitz egin du Anabel Irusta Kale Kantariak taldeko arduradunak ere. Duela hamar bat urte sortu zuten Kale Kantariak taldea eta sustatzailetako bat izan zen Lizarralde. Geroztik, talderako pieza ezinbestekoa izan dela dio Irustak, eta biharko emanaldia berari eskainiko diotela. “Bera ez balitz lagata neukan nik. Dena uzteko egon naizenetan ere, beti animatu nau jarraitzera eta beti izan dut gertu laguntzeko. Osasunez makalago ibili denean ere, ez dit sekula hutsik egin. Edozein lani heltzen zion. Gizon ona izan da Koldo, gizon apala, zaratarik ateratzen ez dutenetakoa, alaia, baikorra eta talde giroa sortzekoa, behin ere ez liskarretan galtzekoa. Ez dakit bizi zen artean behar beste eskertu dion Elgoibarrek gure herriaren alde egin duen dena”.
Bat dator Juan Carlos Arrieta ere, Kale Kantarien sustatzaile taldekoa. “Nekez topatuko dugu Koldo moduko beste bat”.
• Jon Peli Uriguen: "Gizon inplikatua zen, leiala, laguna, eta alaia"
Kanturako zaletasunak eta Euskal Herriko usadioari eutsi nahiak eraman zuen Etxegina taldera ere Lizarralde. Aspaldiko laguna zuen Jon Peli Uriguenek, esaterako. “Etxeginan beti izan dugu harreman ona Koldorekin; taldeko bat zen. Gizon inplikatua zen, leiala, laguna, eta alaia. Talderako lagun ona”.
• Jon Lizarralde: "“Bera etorri zitzaigun taldera ezpata dantza berreskuratzeko kontuarekin"
Euskal Haritz Dantzari Taldean ere estimutan zuten oso Koldo Lizarralde. “Beti izan dugu ondoan. Beti egon da edozeini laguntzeko prest, eta guk urriaren 6an egingo dugun ezpata dantza ere berari esker egiten da. Gizon umila zen, lanerakoa”, azpimarratu du Jon Lizarraldek. Elgoibar Dantzan (1999) libururako egindako lana eta bereziki Errosarioko Ama Birjinaren egunean zein San Bartolomeren omenezko festetan Elgoibarren XVI. mendean egiten zen ezpata dantza berreskuratzeko egin zuen lana nabarmendu ditu Lizarraldek hilberriak dantza taldeari egindako ekarpenetik. “Bera etorri zitzaigun taldera ezpata dantza berreskuratzeko kontuarekin, eta hasi ginen batzen Jose Inazio Sarasua zena, Juan Antonio Urbeltz, bera eta laurok. Baina lehen tirakada Koldok eman zuen”. Eta Koldo Lizarraldek berak ere parte hartu izan du Errosarioko ezpata dantzan, arkabuzero lanetan. “Egiten dugun dena herriarentzat egiten dugu guk, nork bere taldetik, eta esan dezakegu pertsona on-on bat galdu duela Elgoibarrek”, gehitu du.