Euskal filologian doktorea da Lus Mari Zaldua, bai eta euskaltzain urgazlea eta Euskaltzaindiako Onomastika batzordeko kidea ere. Eroma Euskal Herrian zikloko hirugarren hitzaldia izan zen Zalduarena, azkena. Elgoibarko Izarrak antolatu zuen zikloa, Udalaren laguntzarekin, eta Zalduaren aurretik Jokin Lanz historialaria eta Juan Martin Elexpuru filologoa izan ziren gurean.
• Zer dio euskalduntze berantiarraren teoriak?
Teoria horrek adar asko ditu, eta ni adarkadura modernoena eta, nahi bada, muturrekoena azaltzera nator. Adarkadura horrek, Josu Venero zine zuzendariak eta Alberto Santana historialariak Baskoniako historia bat’ dokumentalean aurkeztu zuten horrek, dio orain dela 2.000 bat urte, erromatarrak hona iritsi zirenean, hemen, Baskoniako mendebaldean, ez zela euskaraz hitz egiten. Euren ustez, euskara Erdi Aro goiztiarrean iritsi zen hona, Akitaniatik, Bagnères de Luchon eta inguru horretatik, eta VI. mende aldera indartu zen Iruñerrian, gero, Arabako lautadatik barrena, itsasaldera zabaltzeko. Hipotesi horren arabera, VIII- IX. gizaldian zabaldu zen euskara honaino.
• Zientzia komunitateak baztertutzat zeukan euskalduntze berantiarraren teoria. Zerk edo nork hauspotu du orain berriro, eta zergatik?
Sentsazionalismoak. Azken batean, zientzia oso gauza aspergarria da, eta jakina, Euskal Telebistan dokumental-sorta bat eman nahi badute eta nolabait jendearen arreta erakarri nahi badute, zer edo zer apurtzailea saldu beharra dute. Eta zer egin duten? Bada, teoria berritzat saldu berez zaharra eta bazterrekoa den teoria. Badago gero beste jende bat, serioagoa, esaten duena ez dagoela behar beste frogarik kontrakoa esateko: alegia, hemen antzina euskara egiten zela esateko. Eta, bai, egia da Gipuzkoan eta neurri batean Bizkaian ere, hutsune bat badela epigrafian [hilerrietan eta aldareetan zizelkatuta dauden izenak], baina ez dugu ahaztu behar epigrafiaz aparte badaudela beste tresna onomastiko batzuk, toki izenen azterketa-eta, balio dutenak egiaztatzeko euskalduntze berantiarraren teoriak ez duela zentzurik. Puntada finagoak emanez, garbi ikusten da erromatarrak iritsi zirenean, bai eta aurretik ere, beste kultura batzuen eragina gertatu zenean, euskaldunak bazirela hemen, euskal sistema fonetikora moldatu eta egokitu zituztelako beste kultura horietatik hartutako maileguak. Gertatzen dena da filologo guztiak ez direla onomastikariak, ez diren moduan sendagile guztiak traumatologoak, estomatologoak edo otorrinolaringologoak, eta jakina, belauneko ebakuntza egiteko traumatologoa izan beharra dago; ez du balio otorrinolaringolo ona izateak. Hizkuntza gaietan berdin.
• Zeintzuk dira teoria hori babesten dutenen arrazoibide nagusiak, baina?
Orduko iturriak dauzkagu, zuzenekoak (epigrafiak) eta zeharkakoak (garai hartako geografoek, Tolomeok, Estrabonek eta Pliniok, aipatutakoak). Kontua da geografo horiek aipatzen dituzte toki-izenak, Oiartzun ez beste guztiak, jatorri ilunekoak edo jatorri zeltiarrekoak direla eta horri eusten diotela gauza hauetaz dakitenek hemen ez zela euskaraz hitz egiten esateko. Baina epigrafiak berak erakusten du, baietz. Miñaon, Gasteiztik gertu, helasseeuskal hitza agertu zen hilerriko epigrafia batean. Helasse hori, aurrean “h”-batekin eta barruan afrikari batekin, euskara da argi eta garbi, iberieraz eta zeltibereraz ez dagoelako “h”-rik eta latinez ere ez hor, eta gainera, txistukaria adierazteko “ss” erabiltzea euskararen kontuak direlako.
• Iberoak aipatu dituzu. Teoria honek badu Vascoiberismo edo Eusko-iberismo korrontearekin zerikusirik. Ala?
Bai, erabat. Euskararen eta iberieraren ahaidetasuna aldarrikatzen zuen Eusko-iberismoak, eta luze iraun bazuen ere, XX. mendeko hizkuntzalariek guztiz baztertzekoa zela erakutsi zuten. Teoria hura desegin zutenean sortu zuten euskalduntze berantiarraren teoria. Gomez Moreno arkeologoak -beste batzuk ere izan ziren bere aurretik, baina domina berak jantzi zuen- lortu zuen idazkera iberiarra edo pale-hispaniko hura deszifratzea. Esan bezala, ordura arte uste zuten euskara zela antzinako iberoen hizkuntza eta Espainiako zati handi batean hitz egiten zena, ez zutelako ulertzen zer jartzen zuen idazkera palehispaniko haietan. Lortu zutenean deszifratzea, baina, konturatu ziren ez zela euskara eta bat-batean biluzik gelditu ziren, euskarazko inolako testigantzarik gabe Hego Euskal Herrian. Akitanian bakarrik topatu zituzten euskarazko testigantzak eta ondorioztatu zuten handik zabaldu zela euskara hona. Baina 1925. urtean Gomez Moreno arkeologoak bere teoria plazaratu eta hogeita hamabost urtera, 1960. urtean, topatu zuten Lergako idazkun ezaguna, erromatarren garaiko gizon baten euskarazko oroitarrian, zeinean XXI. mendeko euskaraz erraz ulertzen diren bi hitz ageri diren: Umme sahar.
• ‘Baskoniako historia bat’ atalean Koldo Mitxelenaren, euskarak izan duen ikerlaririk errespetatuenaren, irudiak erabili zituzten, bai eta Euskaltzaindiaren egoitzarenak ere. Zer duzu esateko horri buruz?
Oso manipulatuta dagoen dokumentala dela. Koldo Mitxelena bakarrik ez. Hipotesia frogatzeko, dokumentalean unibertsitateko bi hizkuntzalari agertzen dira. Joseba Abaitua eta Joakin Gorrotxategi. Hizkuntza modernoetan aditua da Abaitua, baina antzinako hizkuntzez ez zaio lanik ezagutzen. Bigarren filologoa Gorrotxategi da, euskararen historian espezialdutako filologo eibartarra. Dokumentalean Gorrotxategik dio pentsa daitekeela euskara apur bat hitz egiten zela hemen, baina euskalduntze berantiarraren hipotesiaren alde egongo balitz bezala aurkezten digute, Iruña-Veleiako harresien aurrean. Bere hitzen eta hainbat irudiren erabilera okerra egiten dute, eta manipulazioa argia da, Gorrotxategik espreski esan zuelako 2015ean argitaratutako lan batean ez zetorrela bat euskalduntze berantiarraren hipotesiarekin.
• Iruzurra da beraz dokumentala. Uste okerretan oinarritutakoa barik fede txarrez egindakoa.
Bai. Hasieratik aritu dira gezurretan, euskalduntze berantiarraren teoria berria dela aditzera ematen dutelako eta ez delako hala. Pentsatzekoa da euskalduntze berantiarraren teoriaren helburu nagusia ere gure herriaren harrotasun ikurra dena ahultzea zela, hizkuntza delako euskaldunon nortasunaren oinarria. Badago euskaldunak hemengoak ez garela esan nahi bat. Bagara, baina. Nola nahi ere: kanpotik etorritakoak bagina ere, zer? Baina bai, sinesmen eta mitoez harantzago dagoen Euskal Herriaren eta euskaldunon beste historia bat ezagutuko genuela zioen aurkezpenean Santanak, euskaldunon aintzinakotasuna mitoa balitz bezala.