Kataluniako agintarien kontrako epaia salatzeko, elkarretaratzea egingo dute gaur Mendaron, Gure Esku Dagok deituta

Barren.eus 2019ko urr. 14a, 10:12

Espainiako Auzitegi Gorenak kartzela zigorra ezarri berri die Kataluniako 2017ko urriaren 1eko erreferendumagatik epaitu dituen bederatzi buruzagi independentistari, segizio delitua leporatuta. Era berean, isunak eta inhabilitazioa ezarri diete beste hiruri, desobedientzia egotzita. Eta "epaiaren bidegabea salatzeko", mobilizatzera deitu du Gure Esku Dagok Euskal Herrian. Mendaron, elkarretaratzea egingo dute, gaur, 19:00etan, Herriko Enparantzan, herriko Gure Esku Dago batzordeak deituta.



Matxinada delitua baztertu du Gorenak, baina segizio delitua egotzita, kartzelara zigortu ditu behin-behinean kartzelan zeuden agintariak:  Oriol Junqueras Generalitateko presidenteorde izandakoa (13 urteko espetxe zigorra eta 13 urteko inhabilitazioa ezarri diote), Raul Romeva Atzerri kontseilaria (12 urteko zigorra eta 12 urteko inhabilitazioa), Joaquin Forn Barne kontseilaria (10 urte eta erdiko zigorra eta 12 urteko inhabilitazioa), Jordi Turull Presidentetza kontseilaria (12 urteko zigorra eta 12 urteko inhabilitazioa), Jordi Rull Lurralde Antolaketako kontseilaria (10 urte eta erdiko zigorra eta 10 urte eta erdiko inhabilitazioa), Dolors Bassa Lan eta Gizarte Gaietarako kontseilaria (12 urteko zigorra eta 12 urteko inhabilitazioa), Carme Forcadell parlamentuko presidentea (11 urte eta erdiko zigorra eta 11 urte eta erdiko inhabilitazioa), Jordi Sanchez ANCko presidentea (9 urteko zigorra eta 9 urteko inhabilitazioa) eta Jordi Cruixat Omniumeko presidente ohia (9 urteko zigorra eta 9 urteko inhabilitazioa). Era berean, Santi Vila Kultura kontseilari ohiari, Carles Mundo Justizia kontseilariari, eta Meritxell Borras Gobernazio, Administrazio Publiko eta Etxebizitza kontseilariari 60.000 euroko isun ekonomikoa eta urtebete eta zortzi hilabeteko inhabilitazioa ezarri diete, desobedientzia delituta egotzita.

2019 10 14 elkarrateratze deia katalunia epaia mendaro