Egañatarrak nagusi Euskadiko Ehiza Xehe Txapelketan

Barren.eus 2019ko urr. 14a, 12:40

Pozak txoratzen daude egañatarrak. "Atzokoa egun ahaztezina izan zen benetan, Euskadiko hiru txapelak etxera ekartzea izugarria izan da. Ametsa egi bihurtu da", dio Leire Egañak Euskadiko Ehiza Xehe Txapelketan irabazi berri dituzten hiru txapelez.

Lehiatu ziren kategoria guztietako txapelak ekarri dituzte etxera egañatarrek Euskadiko Ehiza Xehe Txapelketatik. Atzo jokatu zuten lehiaketa Zanbrana herriko El Castillo izeneko ehiza barrutian. Joan den astean jokatu zuten Gipuzkoako txapelketan podiuma zapaldu zuten egañatarrek, eta emaitza haiek hobetu dituzte orain Euskadikoan. Gizonezkoen maila nagusian Arkaitz Egaña Bastida gailendu zen, erakustaldia emanez. Bederatzi eper eta faisai bat ehizatuta 5.000 puntutik gora batu zituen. Mikel Iturralde ehiztari bizkaitarra sailkatu zen bigarren postuan, sei eper eta galeper bat ehizatuta, 3.106 punturekin. Emakumezkoetan Leire Egaña izan zen partaide bakarra eta berak eskuratu zuen titulua, bost eper ehizatuta (2.505 puntu).

Beteranoen mailan Jose Mari Egaña izan zen onena, bost eper eta galeper bat ehizatuta (2.605 puntu). Joan den astean Gipuzkoako txapelketa irabazi zuen Jose Luis Gisasola eibartarra sailkatu zen bigarren postuan, lau eper eta faisai batekin (2.504 puntu). (ikus hemen sailkapen guztiak)

 • Espainiako txapelketarako sailkatuta

Euskadiko txapelketa irabazita, Espainiako Ehiza Xehe Txapelketaren finalerdietarako sailkatzea lortu du Arkaitz Egañak. Oraindik ez dakite non eta noi jokatuko den. Leire Egaña, berriz, finalerako sailkatuta dago, iaz Albaceten lortu zuen bigarren postuari esker. Espainiako Ehiza Xehe Txapelketako finala Andaluziako Osuna herrian jokatuko dute, abenduaren hasieran.

∞Lotura duten albisteak