Debabarrena eta Debagoiena batuko dituen bizikleta martxa 10:00etan abiatuko da Elgoibarko plazatik; 11:00etan Bergarara ailegatuko da eta 13:00etan Oñatin bukatuko dute ibilbidea, Foruen plazan. Elgoibarren Jai Alai eta Iturri tabernetan eman daiteke martxan parte hartzeko izena.
Sarek, preso eta iheslarien eskubideen aldeko herritarren sareak, antolatu du martxa, euskal preso adinduek bizi duten egoera salatzeko. Joan den martitzenean aurkeztu zituzten martxari buruzko xehetasunak Oñatiko plazan. Egun, eskualde bakoitzean 70 urte baino gehiago dituen preso bana dago espetxean: 76 urte dituen Sebas Etxaniz elgoibartarra eta 73 urte dituen Joseba Arregi oñatiarra. Aurkezpenean salatu zuten legeak 70 urtetik gorako presoei baldintzapeko askatasunerako eskubidea aitortu arren, hori ez dela betetzen kasu hauetan. Horregatik uste dute politika hori “mendekuan” oinarritzen dela; oro har, “salbuespen neurriak indarrean jarraitzen” duela, eta “espetxe sistemak ezarritako bidea egiteko aukerak eten” egiten dizkietela bi euskal preso horiei. Sebas Etxanizi dagokionez, salatu zuten zigorraren hiru-laurdenak beteta izan arren, “zigor osoa betetzera kondenatuta” dagoela eta horren arabera, 2024an, 81 urterekin geratuko litzatekeela aske. Gaur egun Villabonako (Asturias) kartzelan dago.
Sareko kideek gogora ekarri zuten presoen adinak eragin egiten diela, baita ere, haien senideei: “Adinean gora egiten duten senideek espetxean ehunka kilometrotara urrundua duten familiartekoa ikusteko aukera galdu dezakete adinak dakartzan zailtasunak medio distantzia luzeak egiteko eragozpen fisikoak direla-eta”.
Bizikleta martxaren aurkezpeneko bideoa goiena.eus webgunean.