Alvaro Arrizabalaga: “Aurkikuntza arkeologiko gehiagorako toki oparoa ematen du Agarreko kobazuloak”

Barren.eus 2019ko urr. 25a, 08:31

Astebetez ibili dira EHUko arkeologia ikasleak Mendaroko Agarre kobazuloan lanean. Labar-artea eta arte erabilkorra aurkitu dituzte, eta topatutakoak eta indusketa taldeko zuzendarien esperientziak bide ematen die pentsatzeko aurkikuntza gehiago izango direla.

Mari Jose Iriarte Ikerbasqueko arkeologia eta paleobotanika irakasleak eta Alvaro Arrizabalaga Valbuena (Oñati, 1965) EHUko katedradunak eta Historiaurreko Ikerketa Taldeko buruak zuzentzen dituzte EHUkoek Azpeitiko Antxeta arkeologia taldekoekin batera hasitako indusketa lanak. Aurreko barikuan, hilaren 18an, itxi zuten kobazuloko atea beste urtebeterako, baina bi-hiru urterako lana izango dutela aurreratu dute.

 • Indusketa lanak hasi dituzue berriro Agarreko kobazuloan. Zergatik?
Alvaro Arrizabalaga: Mendaroarrek aspalditik ezagutzen zuten Agarreko kobazulo hau, baina aurkikuntza arkeologikoa 1966koa da. Lehenengo indusketak orduan egin zituzten, baina topatutako ezer ez zuten orduan Paleolito garaikotzat hartu. Pentsatzen zuten gauza batzuk Brontze Arokoak izan zitezkeela, eta beste batzuk Mesolito garaikoak, baina edozein kasutan, azkeneko izoztaldiaren ostekoak denak. Eta hala gelditu zen kontua, duela pare bat urtera arte. Orduan, nire ikasle batek Gipuzkoako azagaiak (adarrez egindako lantzapuntak) bildumatu zituen gradu ondorengo lanerako. Gipuzkoako aztarnategietan aurkitutako azagaiak aztertu zituen, eta hemen topatutako batzuk Paleolito garaikoak izan zitezkeela jaso zuen. Hala, iaz, martxoa aldera, giltza eskatu genuen Gipuzkoako Foru Aldundian, berriro kobazulora sartu eta indusketa-lanak planifikatzeko. Era berean, eta paraleloan, badaukagu beste proiektu bat zabalik, Agarren labar-arte gehiago topatzeko. Mari Jose Iriarte da proiektu horren arduraduna.

 • Zer da Agarren topatu duzuena?
A.A: Batetik, kobazuloko sarreratik ehun bat metro eskubira, gorriz egindako margo bat topatu genuen iaz eta kalkulatzen dugu duela 25.000 bat urtekoa izan daitekeela. Animalia baten errepresentazio figuratiboa da. Bizkarraldea eta atzeko hanka ikusten dizkiogu. Atzaparrekin eta puntuz puntu margotu zuten, baina ezin dugu zehaztu zein animalia den. Beste aldean, ezkerreko partean, azkonar batek egindako tunel batean, lur azal-azalean, Paleolitoko bi pieza agertu ziren: zintzilikario bat eta azagai bat. Bietako bat, zintzilikarioa, ikusgarria da, oso pieza txukuna. Aurrez aurre ikusitako ahuntz baten irudia du, eta hori badakigu Madalen aldikoa dela, Madalen aldiko azkeneko fasekoa, Goi Paleolito amaierako kulturakoa beraz. Bi adar, bi belarri eta ahuntzaren hiruki itxurako burua ditu zizelkatuta, eta hor, lau marrarekin ahuntz bat irudikatzeko arte horretan, ikusten da garai hartako gizakiek abstrakziorako gaitasun izugarria zutela; baita labar-artean ere, ez dugulako ahaztu behar guk pare pare jarrita plano batean ikusten ditugun irudi horiek, deformatuta marrazten zituztela haiek haitzean. Agarren topatu dugun zintzilikario honen antzeko beste bat, momentuz dagoen bakarra, Urdazubin aurkitu genuen, Berroberriako kobazuloan.

Elkarrizketa osorik BARREN aldizkariko 1135. zenbakian -PDF-

2019 10 18 agarre kobazulo mendaro indusketak ehu

2019 10 18 agarre kobazulo mendaro indusketak ehu 1

2019 10 18 indusketa arkeologikoa agarre mendaro

2019 10 18 agarre kobaziloa aurkitutakoa ehu AZAGAIA

2019 10 18 agarre kobaziloa aurkitutakoa zintzilikarioa 2019 10 18 agarre kobaziloa aurkitutakoa AHUNTZA