Joan zen astean beste mendi batzuetan egin zuten bezala (Aiako Harriak, Aloña...), Karakateko mendigaina argiztatzeko ekimena antolatu zuen Gure Eskuk, Kataluniari babesa adierazteko. Proposamena Elgoibarko herritar talde batek egin zuen eta ekimenarekin bat egin zuten Soraluze eta Eibarko Gure Esku taldeek ere.
'Argi dugu bidea, erabakitzeko eskubidea' leloarekin antolatu zuten ekimenean parte hartu zuten lagunek argi ilara osatu zuten atzo, Karakate gainean, frontal, lumigas eta bestelako objektu argitsuekin. 19:30etik 20:00etara bitartean sortu zuten argi-irudia. Goian ikus dezakezue zabaldu duten irudia. Iñaki San Martin Soarteren argazkia da. Fernan Oregi argazkilariak Karakate gainean ateratako argazkiak plaentxia.eus webgunean ikus ditzakezue.
Euskal Herriko beste mendi batzuk ere argitu zituzten atzo, Gure Eskuk deituta. Besteak beste, Anbotoko mendizerra eta Txindoki mendiak.
Gure Esku Dagokoek honako bideoa osatu dute Karakaten hartutako irudiekin eta propio sortu duten bertsoarekin.